Soinua eta artea buztartuta Bilboko Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2018-04-05 12:11   Musikea

Egitarauak Soinua eta ekintza sinposioa eta Akauzazteren kontzertua dakarz.

Arteagaz eta soinuagaz loturea daben proiektu artistikoak bultzatzeko asmoz, gai honen ganeko topaketak atondu ditu Azkuna Zentroak hilaren 12tik 15era. Egitaraua hiru ataletan banatu dabe; alde batetik, Soinua eta ekintza sinposioa izango da hilaren 12an eta 13an. Topaketa honeek Euskal Herriko Unibersidadeko Ikersoinu ikerketa-taldeak atondu ditu Azkuna Zentroagaz alkarlanean. Soinuaren, gorputzaren eta espazioaren arteko hartu-emonak izango dira ekitaldiaren ardatzak, bai eta hartu-emon horreetan bitarteko diran teknologiak be.

Ekimen honegaz, soinuaren ganeko gogoetea eta praktika artistikoetan aurrera egitea da asmoa eta horretarako lau zatitan banatu dabe: Soinua eta teknologia, Ahotsa eta ekintza, Soinu-artea eta Keinua eta soinua. Bertan, Euskal Herriko eta nazinoarteko ikerlariek, artistek eta musikariek hartuko dabe parte: Ixiar Rozas, Thor Magnusson, Nadine Couture, Miriam Desainte-Catherine, Itziar Okariz, Miguel Molina eta Llorenç Barber dira horreetako batzuk. Ikersoinuko kide honeek be parte hartuko dabe: Josu Rekalde (ikerketa-taldeko IP), Enrike Hurtado, Jon Mantzisidor, Mikel Arce, Cristina Miranda, Natalia Monge, Cristina Arriaga, Baikune de Alba, Patxi Araujo, Gabriel Villota, Juan Crego eta Amaia Vicente.

Bigarren jarduerea hilaren 12tik 15era arte izango da, David Civicoren Orquesta Fin de Disco bideo-instalazinoagaz. Proiektua izen bereko kontzertu baten emoitzea da. Azkuna Zentroan izan zan emonaldi hori igazko urtarrilean eta bertan 48 disko-jogailuz osotutako orkestreak soinu-pieza bat sortu eban zuzenean.

Amaitzeko, hilaren 14an, Akauzazte taldeak Azkuna Zentroko oholtzara igongo dau, arrastiko 20:00etan. Musika esperimentaleko programearen barruan, hurreko eta nazinoarteko artisten soinu-lanak ezagutzera emotea da euren asmoa. Akauzazte taldea 1992an sortu zan Azkoitiko Matadeixen eta 25 urte honeetan, euskal folklorean, 70. eta 80. hamarkadetako musika industrialean, hardcore gordinean, eta ingurune zakarrean oinarritutako giroak landu izan ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu