Errege-erreginen izenak arautu ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2018-04-03 10:38   Euskerea berbagai

Zalantzak sortzen dituan gaia da hori, eta Akademiak 168. araua plazaratu dau.

Atzerriko izenak euskeraz zelan esan jakiteko araua da 168.a eta bertan agiri dira errege-erreginen izenetarako erespide eta gomendioak. Euskaltzaindiak azaldu dauenez, nazinoartean guztiz zabaldurik dagoan jokerea da errege-erregina historikoen ponte-izenak hizkuntzaz hizkuntza aldatzea, hau da, hizkuntza bakotxaren ezaugarrietara egokitzea, jatorrizkoa gorde beharrean. Euskeraz be holan egiteko aukerea egin dau Akademiak.

Adibidez, ingelesez Henry VIII idazten dan Ingalaterrako erregearen izena Henri VIII da frantsesez, Enrique VIII gaztelaniaz, Enrico VIII italieraz, Heinrich VIII alemanez… hartara, Henrike VIII.a da euskerazko izen arautua.

Halandabe, erespide hori ez da errege-erregina guztien izenetarako aproposa, izan be, Euskaltzaindiak zehaztu dauenez, ahulduz joan da izenak hizkuntza bakotxera egokitzeko tradizinoa, hizkuntza batzuetan ia guztiz desagertzeraino.

Hortaz, errealidade konplexu eta aldakor hori ikusirik, Euskaltzaindiak gomendio bat emon dau 168. arauan: batetik, antxinako errege-erreginen izenak euskerara egokitzea; bestetik, Bigarren Mundu Gerratik errege edo erregina bilakatu diranen izenak ez egokitzea, hau da, jatorrizko izenak erabiltea.

Horrek esan nahi dau, XVI. mendeko Ingalaterrako erregina Elisabet I.a dala euskeraz, baina gaur egungoa, ostera, Elizabeth II.a. Espainiako kasuan, bestetik, Filipe II.a da, baina Felipe VI.a.

Azkenik, erespide horren aplikazinoa erakustearren, 237 errege eta erreginaren izenen zerrendea emon dau Akademiak, lurraldeka banatuta: Aragoi, Gaztela, Espainia, Portugal, Frantzia eta Europako beste estadu askotako errege-erreginen izenak emoten dira euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. 168. arauan argitaratutako gomendioa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu