Asle Toje: 'Munduan bakea lortzeko garrantzitsuena Errusiagaz hartu-emonak hobetzea da'

Bizkaie! 2018-03-28 09:14   Barriketan

Asle Toje Norvegiako Nobel Batzordearen ikerketa-zuzendaria izan da Oslon, eta gaur egun Bakearen Nobel Sarirako hautagaiak izentetan dituan batzordeko bost kideetako bat da. 

1.- Esaiguzu zer egingo zeunken zure esku balego munduan bakea lortzea, Gasteizen, EHUren Fakultadean emon dozun Munduan bakea lortzeko amesa  berbaldiaren izenburuak dakarren lez...

Gizakia barriro jaio beharko litzatekeela uste dot, norbere hutsegiteak autortzeko eta damutzeko kapaz dan bihotzagaz. Uste dot modu bakarra dala guztiontzat: ganerakoen lekuan jarri eta modu baketsuan desbardintasun horreek gainditzen saiatu. Zoritxarrez, askok ez dabe gerrea zer dan ezagutzen, ez dakie gerratan mundu guztia galtzaile ateratzen dala. Gehien galtzen dabenak  emakumeak, umeak, zibilak… izaten dira. Gerreagaz lortu nahi diran amesak ez dira sekula lortzen, amesak dira!

 

2.- Kanpo-politikan aditua zara. Zelan heldu zara Bakearen Nobel saridunak hautatzen dituan batzordeko bost kideetako bat izatera?

Suberte hutsa izan zan. Norvegiako parlamentuari hautagai bat iradoki jakon eta parlamentuak atzera bota eban. Ondoren, Rasmussen, NATOko idazkari nagusi ohia, proponidu eben, eta zenbait lagun nigaz harremanetan jarri ziran honako hau esateko: Hori ezinezkoa da, Rasmussen gerra gizona baita, ez da bakearen aldeko personea. Zeuk aurkeztu beharko zeunke. Nobel Institutuko ikerketa-zuzendariaren kargua itxi behar izan dot, eta egun batzorde honetako bost kideetako bat naz. Mirarietan mirari bat da: parlamentuko ganerako alderdien gustokoa nintzan eta besteak beste, mezu honeek hartu nituan: Hautagai oso ona zara. Ez dot uste horrenbeste maite nabenik, kontua da beste hautagaia ez jakela gustetan eta horregaitik zoragarria nazela uste dabe. 

 

3.- Zelan hautatzen da Bakearen Nobel sariduna?

350 bat izendapen doguz urtero, eta sariduna sukaldean saltsa on bat egiten dan modu berean hautatzen dogu: egosi eta urritu. Batzordeak zenbait hautagai kentzen ditu, eta azkenean, hiruzpalau hautagai gelditzen diranean hasten da burrukea. Bostok mahaiaren inguruan jesarri eta barriketan hasten gara. Egun oso bat pasetan dogu horretan. Dana dala, kontua konbentzidutea da, betibe errespetuz; ganerakoen eretxia errespetau egin behar da. Azkenean, batzordeak erabagiten dau zein dan hautagaia. Ez dozu irabaztea espero behar, baina nahi ez dozuzan hainbat kontu ebitau zeinkez. 

 

 4.- Bakearen Nobel saridunen zerrendea aztertuta, zeinek uste dozu irudikatzen dituala ondoen sariaren baloreak?

1936an Bakearen Nobel Saria irabazi eban Carl von Ossietzky-k. Kazetaria zan eta naziek kontzentrazino-esparru batean atxilotu eben. 1936an askok eta askok Olinpiar Jokoak Alemania Nazian egitea onartu eta errespetau eben, eta Nobel batzordeak Bakearen Nobel Saria Carl von Ossietzky-ri emotea erabagi eban. Hitler oso hasarre egoan. Harro egoteko momentua izan zan, 1936an inor ez baitzan naziei aurre egiteko kapaz, eta Bakearen Nobel Sariak ikusi eban naziek gerrea piztuko ebela, inor baino lehenago jaubetu zan. Beraz, uste dut harro egoteko moduko ondarea dala.

 

5.- Zer iruditzen jatzu Bakearen Nobel saridunen artean Henry Kissinger edo Shimon Peres egotea, adibidez?

Galdera nagusia hau da: zergaitik asmau dau hainbestetan herrialde txiki honetako batzorde txiki honek? Hori da galdera nagusia. Bakearen Nobel Saria jaso dabe Martin Luther Kingek, Dalai Lamak, Kalkutako Teresak... Zerrendea sano luzea da. Munduko saririk entzutetsuenetakoa da. Akaso, zenbait sari zorigaiztokoak izan dira, baina oso gitxi.

 

 6.- Munduko diplomaziaren lehen mailako irudia zara. Kanpo-politikan hainbat frente edegi dagozala kontuan hartuta, zer da garrantzitsuena edo lehentasunezkoa?

 Errusiagaz hartu-emonak hobetu behar doguz, hori da garrantzitsuena. NATO eta Errusiaren arteko hartu-emonak asko okertu dira, eta holan jarraitu ezkero, gerrea izango da. Ez dot uste errusiarrek gerrarik nahi dabenik; ezta geuk bere. Horrenbestez, errusiarrakaz batera biziteko modua topau behar dogu, eta hori gatxa da Moskuko errejimena dala eta. Gatxa da, Putinek mugako herrialde independenteak ezegonkortu baititu. Ezin dogu ezikusiarena egin edota parkatu, baina alkarregaz bakean biziteko modua topau beharko dogu. Bakea lortzeko eginkizun nagusia hori dala uste dot nazinoarteko agendan. Zoritxarrez, Afrikan eta Ekialde Ertainean islamismoaren erradikalizazinoagaz gertatzen dagoanak ez dau mundua ezegonkortzen. Ikaragarria da eta horretan lan egin beharko geunke, gertatzen dana da potentzia handien arteko gatazkak munduko gatazkarik suntsitzaileenak dirala. Tiroka hasten bagara, ez nago ziur arma nuklearrak erabili barik gelditzerik izango ete dogun. Horrek guztiak esna mantentzen nau gauetan, amesgaiztorik okerrena litzake: gerra nuklear bat.

 

7.- Zer begitantzen jatzu Euskal Herria?

Euskal Herria Jainkoen herrialdea dala uste dot. Europako herrialderik ederrenetakoa da. Luzaroan izan naz Euskal Herrian. Gustetan jataz euskal nazinoa, janaria, paisajea eta zuen etxeak zelan eregitenen dozuezan. Beti da zoragarria hona itzultzea. Herrialde guztietan gauza bera esaten dodala pentsauko dozue, eta ez da holan. Ez jataz herrialde guztiak bardin gustetan. Norvegiarra ez banintz, euskalduna izatea gustauko litxakit. Zeozer ederra dozue hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu