Jone Uriak irabazi dau Uribe Kostako txapelketea

Bizkaie! 2018-03-26 09:42   Bertsolaritzea

Imanol eta Jone Uria neba-arrebak pasau dira buruz burukora.

Txapelketako finalistak eta Jone Uria txapela eskuan (argazkiak: ALBE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uribe Kostako Bertsolari Txapelketan 25 parte-hartzaile egon dira. Kanporaketak, finalaurrekoak eta finala jokatu eta azkenean, buruz burukoan, familia bereko kide bi entzun ahal izan doguz aurrez aurre: Imanol eta Jone Uria. Esperientzia zabalagoa aprobetxauta, Jone Uriak jantzi dau txapela. Epaileek 673,5 puntu emon deutsiez eta Imanol Uriari, 670,25.

Uria neba-arrebakaz batera, honeek bertsolariak be Sopelako finalean egon dira: Arrate Illaro (383 puntu), Peru Vidal (359), Unai Mendiburu (346) eta Paule Loizaga (327,5). Nahikari Ayo izan da gai-jartzaile eta aurkezlea.

Honeek lanak egin behar izan ditue finalistek: Lehen atalean, binaka, gaia emonda hiruna bertso zortziko nagusian, beste hiruna zortziko txikian eta launa kopla; ondoren, bakarka, gaia emonda bina bertso neurri librean. Buruz burukoa jokatu dabenek, ganera, lan honeek be egin ditue: Binaka, gaia emonda hiruna bertso hamarreko txikian eta zortziko txikian puntuka, zortzi bertso osotu arte; eta gero kartzelako ariketea, bakarka, gaia emonda bina bertso neurri librean.

Aitatzekoa da Uribe Kostako Txapelketeak Sopela bertsoz bete dauela goizetik gauera, izan be, finalaren aurretik hiru finalaurrekoak jokatu ditue. Kanporaketa bakotxean lau bertsolarik kantau dabe eta bi onenak pasau dira finalera. Finalaurrekoetan Olatz Larrinaga eta Miren Loizaga ibili dira aurkezle.

Txapelketea aurrera eroan ahal izateko ezinbestekoa izan da gai-jartzaile taldeko Nahikari Ayo, Aitor Fernandez de Martikoena, German Kortabarria, Jon Amezaga, Olatz Larrinaga, Naiara Etxaiz, Miren Loizaga eta Goizalde Atxutegiren lana. Baita Joseba Santxoren gidaritzapean epaile lanetan ibili diran Josu Arroyo, Leire Iriondo, Aitor Fernandez Martikorena, Nagore Uribe-Etxebarria eta Araitz Lasarena be, idazkarien, Karmele Elosegi eta Arkaitz Gomezen, ekarpena ahaztu barik. ALBE bertso-eskoleak eskerrak emon deutsez danei.

Uria neba-arrebak, buruz burukoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu