Nafarroako Bardoen finala, zapatuan
2018-03-23 13:25 BertsolaritzeaUribe Kostako Txapelketako finalaurrekoak eta finala be egun horretan jokatuko dira.
Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketearen aurtengo edizino arrakastatsua azken saiora helduko da asteburuan. Lekunberriko Leku-Alai sagardotegian jokatuko da finala eta sarrera guztiak salduta dagoz. Hiru talde izango dira lehian: Baztan-Malerrekako Addams familia, Lesakako Unibertsolariak eta Leitzako Aldatzea komeni. Finala bera 17:30etan hasiko da eta, ondoren, triki-poteoa egingo dabe herriko kaleetatik, eta afaria sagardotegian bertan.
Finalean, bertsoen bidez ondo pasetako aukerea egongo da. Izan be, txapelketetako ohiko ariketez gan bestelako zeregin originalagoak be izaten ditue lehiakideek. Finalean sartu ez diran taldeetako kideek eta publikoak aukeratuko dabe irabazlea.
Aurtengoa Bardoak Nafarroako taldekako txapelketearen laugarren edizinoa da. 2012koa izan zan lehena, orduan Lesakako Rimak exkaxko taldeak irabazi eban Leitzan jokatutako finala. 2014an, finala Lesakan jokatu zan eta Baztango Lepanatuek 2 taldeak irabazi eban. Hirugarren edizinoko azken saioa Etxarri Aranatzen jokatu zan eta Leitzako Atekaberts taldeak eskuratu eban sari nagusia. Zapatuan irabazleen zerrenda horretara batuko da beste talde bat.
Beste alde batetik, Uribe Kostako Txapelketako irabazlea be zapatuan ezagutuko dogu. Kasu horretan bakarkako lehiaketea da. Aurreko asteetan kanporaketak jokatu eta gero, finalaurrekoak eta finala egun berean egingo ditue, Sopelan. Hiru finalaurreko izango dira, ganera. Lehenengoa bazkalaurrean, 13:00ean Dunbala tabernan. Beste biak arratsaldean, Laiak (17:00) eta Etxekhi (19:00) tabernetan, hurranez hurran.
Hiru saio horreetako onenen arteko finala gaueko 22:00etan hasiko da, Plaza Beltza kulturgunean. ALBE bertso-eskoleak aurreratu daenez, bertsolaritza giroak Sopela hartuko dau egun osoan, hiru finalaurrekoez eta finalaz gan bestelako ekintzak be egongo diralako. Esate baterako, bazkaria antolatu dabe Artadi garagardotegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!