Maria Rivero: 'Iraultza personalari begirako kantuak idatzi doguz'

Ainhoa Lores 2018-03-26 08:00   Barriketan

Siroka taldeko abeslaria.

Barrura begiratzeko unea heldu jako Siroka taldeari eta hori igarten da kaleratu daben Buruz behera izeneko disko barrian. Euren bosgarrena da. Danetara sei kantu batu ditue lanean, letra gehienak Maria Rivero abeslariak idatziak dira, berak emon deuskuz disko barriaren eta taldeak hartutako norabidearen ganeko argibide gehiago.

 

1.- Bederatzi urte dira taldea sortu zenduenetik. Barrutik ikusita, zelako garapena izan dau?

Pentsau bederatzi urtean zenbat aldatzen garen personok. Taldea personez osotuta dago eta hor norberaren garapena eta kolektiboa dagoz, horregaitik zentzu askotan aldaketa asko egon dirala uste dot. Hasieran taldekide batzuk gengozan, asmo batzuk geunkazan eta urteak pasau ahala nahikotxu aldatzen joan da taldea.

 

2.- Aurreko lana transizinoaren diskoa izan zala esaten zenduen, taldekideen joan-etorriakaitik batez be. Zelan ikusten dozu taldea gaur egun?

Sirokan joan-etorri asko izan dira bederatzi urte honeetan eta horrek sensazino gazi-gozo bat eragin dau beti, baina beste alde batetik, taldekide barriak heltzen diranean, lan egiteko eta musikea ulertuteko forma barriak be ekarten ditue eta horrek beste ezaugarri bat emoten deutso taldeari. Joseba eta Erizen kasuan, dogun sensazinoa da ez dirala ezezagunak, eurakaz beste egitasmo batzuetan be egiten dogu lan, alkar ezagutzen dogu eta lagunartean sentiduten gara apur bat. Uste dogu Sirokak zeozelako orekea lortu dauela.

 

3.- Malutak proiektu bereziaren jarraipena izan zan Ura diskoa. Buruz behera lan barriagaz, aldiz, betiko formatura bueltau zarie...

Bai, disko guztietan saiatu gara gauza desbardinak egiten. Bigarren lanagaz batera adibidez, ipuin bat argitaratu genduan, Malutetatik Ura diskoa atera zan eta orain, barriz, musikeari inoz baino gehiago erreparetan saiatu gara. Aurreko diskoak lantzen denporea emon dogun arren, orain urtebete baino gehiago ibili gara konponiduten eta hainbat saiakera egiten. Sortutakoa ez genduan zuzenean diskoan sartzen, ez ginan konformetan eta galbahe moduko bat egiten ibili gara. Diskoari esangura musikala emon nahi geuntsan eta horregaitik oso zorrotzak izan gara kantuak aukeratzerako, konposizinoan eta konponketak egiterako orduan. Lan hau su txikian kozinau dogu, beste diskoakaz egin ez dogun moduan. Musikeari jagokonean be aldaketea hor dago, nahiz eta estetikea ez dan hainbeste aldatu, diseinua polita da, originala da, baina orain inoz baino gehiago heldu deutsegu kantuei eta diskoan nabari da.

 

4.- Hortaz, hori da Sirokak dakarren barritasun aitagarriena. Igarten da abesti batzuetan doinu gogorragoa eta beste batzuetan lasaiagoa, kontraste gehiago akaso.

Musikeari jagokonez, disko osoan oreka bat bilatzen saiatu gara, alde batetik jarrera bati eta, bestetik, kantu bakotxaren esentziari eusten. Danak dira desbardinak eta horrek beste aire bat emoten deutso diskoari, azkenean abesti bat momentu baten konponidu egiten dozu eta pieza hori momentu horren isladea da, nire ustez hori diskoan igarri da.

 

5.- Buruz behera da diskoaren izenburua eta baita bosgarren lan honek zabaltzen dauen kantuarena be.

Kantu horretan, batzuetan, besteen epaile bihurtzeko dogun gaitasunaz berba egiten dogu. Niri askotan esan deuste: holan ez, hori ez da normala… Badirudi normala deritxoen horretatik urteten zarenean, epaileakaz egiten dozula topo. Horregaitik, Buruz behera aitatzen dot, baina noren ikuspuntutik? nire ikuspuntutik, akaso, zeu zara buruz behera dagoana. Diskoari izena emoteko kontzeptu polita begitandu jakun, momentu honetan nahi doguna egiten dogulako eta besteei normala begitantzen ez bajake ez jaku inporta. Ganera, izenak joko handia emoten dau beste kontu batzuk be garatzeko.

 

6.- Periko Solabarriarentzat da disko honetako laugarren abestia. Zeuk idatzia hau be.

Bai. Zorionez Periko modu personalean ezagutzeko aukerea izan neban, baina horrezaz gan, eredu bat da niretzat eta bera omentzeko idatzi dot kantu hau, diskursoak emon baino, berak egindako guztia dalako diskursoa, egiten ebanagaitik eredugarria izan zalako. Nire ustez horrek balio handia dauka. Perikori mila kantu egin beharko litxakioz herri honetan, egindako ibilbideagaitik.

Hutsa taldeko kideak gara Eriz eta biok eta aspaldi egin geuntsan kantu bat, bera oraindik bizirik egoanean, baina beste proiektu baten berari eskainitako abesti bat sortzeko gogoa neban, asko maite dogulako, faltan botaten dogulako eta gure ahotan, bihotzetan eta gure ekintza askotan dagoalako oraindino.

 

7.- Disko honetako abesti gehienak intimistagoak dirala dinozue...

Intimistagoak baino, nire bizipen eta esperientzien ganeko kantuak dira, urte bat baino gehiago emon dot honeek sortzeko eta beste diskoakaz alderatuta ez dira hain orokorrak. Barrura begira sortutako abestiak dira, iraultza personalari begira, norberak egiteko daukan horri begira. Azken finean, libre biziteko aldarria egiten dot abesti guztietan, norberaren esku be badagoalako hori batzuetan.

Letrak behar izan dodanean idatzi dodaz, kantuak momentu konkretu baten nengoanean atera dirala esan leiteke. Niretzako konponidutea eta idaztea zeozer ateratzeko bidea dalako, hori da nire terapia. Momentu horretan neban gogoetea kantu bihurtu dot.

 

8.- Ez dira galdu aukeratu dozue diskoaren aurkezpen kanturako.

Egia esan buelta asko emon doguz erabagia hartu arte. Sei kantu dira eta beste hainbat idea kanpoan geratu dira. Azkenean, danori gustetan jakulako aukeratu dogu abesti hori eta emoitzeagaz oso pozik geratu garalako.

 

9.- Disko honetan kolaborazinoetarako lekurik egon da?

Kide barri bi sartu dira taldera eta egiten dogun horregaz eurak eroso sentiarazoteko, gure estiloa bilatu nahi izan dogu, horregaitik gu geu izatea erabagi dogu disko honetan eta kolaborazinoak alde batera itxi doguz. Halandabe, asko gustetan jaku alkarlana, beste edozein muetatako artistakaz kolaborazinoak egitea eta etorkizunari begira, ez doguz albo batera lagako.

 

10.- Zelan dator zuzenekoen agendea hurrengo hilebeteetan?

Apirilaren 7an hasiko gara zuzenekoakaz Amurrion, 14an Larrabasterran, Arrigorriagako jaietan be izango gara… danetara lauzpabost kontzertu daukaguz lotuta eta beste batzuk baieztatzeko dagoz.

 

11.- Aurreko diskoagaz ale gitxi jarri zenduezan salgai, bide horretatik jarraiatuko dozue orain be?

Dagoeneko webgunetik deskargetako aukerea jarri dogu eta aldi berean diskoa nahi dabenarentzat, helbide elektroniko bat emongo dogu, holan, plataforma baten bidez erosi ahal izateko. Autogestinoaren bidea hartu dogu orain be horretan sinisten dogulako eta diskoa eta sortze prozesu osoaren kontrola izatea gustetan jakulako. Ganera, gaur egungo formulakaz ez dogu bat egiten; kultura librearena da gurea, egiten doguna ahalik eta gehien zabaltzea, ganera ez dogu nahi dirurik ez daukana gure musikea entzun barik geratzea.

Disko fisikoari jagokonez, momentuz zuzenekoetan jarriko dogu salgai.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu