Gasteizko leku-izenak batzeko beste pausu bat egin dau Euskaltzaindiak
2018-03-22 12:56 Euskerea berbagaiGasteizko Toponimia VI, Arratzua II liburukia aurkeztu dabe Arabako uriburuan.
Gasteizko udalerri zabalean (uria bera eta inguruko herritxu piloa hartzen ditu) dagozan lekuen izenak jasoteko lanari ekin eutsan Euskaltzaindiak aspaldi, Gasteizko Udalaren laguntzinoagaz. Toponimoak batzeko zeregin luze horretako beste mugarri bat aurkeztu dau Akademiak goizeon, bildumako seigarren liburukia hain zuzen. Arratzua inguruari eskainitako bigarrena da.
Elena Martinez de Madina Salazar euskaltzain urgazleak egin dau Gasteizko Toponimia VI, Arratzua II. Udaletxean egindako aurkezpenean egon da bera, Gasteizko alkate Gorka Urtaranegaz, Andres Urrutia euskaltzainburuagaz eta Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain osoagaz batera.
Arabako uriburuaz gan, udalerriko beste 64 herriak ikergai dituan egitasmo zabal baten zati da gaur aurkeztutako lana. Martinez de Madina egileak azaldu dauenez, ez da toponimo-batze hutsa, onomastika-ikerketa baten hipotesiak eta ondorioak be badagoz. Izan be, leku-izen normatibizaduak proponiduten dira, eta izen bakotxaren etimologia, batzuetan ziurra, beste batzuetan ez horrenbeste. Ganeratu dauenez, liburukiak gure lurraldeko hizkuntzak, gure usadio zaharrak, gure landareak, faunea, geografia eta historia ezagutzen laguntzen deusku.
Arratzua merindade zaharra osotuten eben herrien ikerketa toponimiko osoa hiru liburukitan banatzen da. Lehenak sei herri zituan aztergai, eta orain aurkeztu dan honek, zazpi (Aberasturi, Andollu, Argandoña, Askartza, Billafranka, Bolibar eta Uribarri Nagusia). Arratzuako ganerako leku-izenak urte bi barru argitaratuko dan hirugarren liburukian agertuko dira.
Euskaltzaindiaren eta Gasteizko Udalaren arteko alkarlanari esker plazaratu da liburukia. Ekimen eredugarria da toponimia-ondarearen mesedetan, eta, euskereari jagokonez, funtsezko datu-bilduma oparoa bertoko euskerearen ezaugarriez nabarmen gehiago jakin daigun, adierazo dau Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzainak.
Hain zuzen be, gaurko aurkezpena erabili dabe erakunde bien arteko hizarmen barria sinatu dabela jakinarazoteko. 2018rako hitzarmen horren bidez, Euskaltzaindiak aholku emongo deutso Udalari euskereagaz lotutako gaietan, eta hizkuntzea babesten, jagoten eta sustatzen jarraituko dau. Ganera, kultura zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta berbaldiak egingo ditu. Dana dala, Gasteizko Toponimia bildumearen jarraipena izango da hitzarmenaren egiteko nagusia.
Agiri honek berresten dau Gasteizko Udalagaz aspalditik dogun hartu-emona eta alkarregaz egin izan dogun lana, eta bide horretatik jarraitu nahi dogu, uriko toponimia ikertzen eta bestelako zerbitzuak eskaintzen, esan dau Andres Urrutia euskaltzainburuak. Gorka Urtaranek ganeratu dau hitzarmenak alde bientzako onurea dakarrela. Gasteiz euskerearen uri bihurtzeko asmoa be agertu dau alkateak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!