BBK Sariketako finala egingo dabe gaur Bilbon
2018-03-22 09:52 BertsolaritzeaUribe Kosta eta Durangaldeko taldeak lehiatuko dira BBK Salan.
Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak atonduta, pasa dan zezeilaren 27an emon eutsien hasierea XXVI. Bertsolari Gazteen BBK Txapelketeari Igorren. Danetara, 53 bertsolarik hartu dabe parte aurten, taldekako formatuan eta horreetako bi dira gaur Bilboko BBK Salan lehiatuko diranak garaipenaren bila: Uribe Kosta eta Durangaldea. Finala arrastiko 19:00etan hasiko da eta sartzea doban da.
Talde irabazlea erabagiko dauen epaimahaia Juanjo Respaldiza, Inazio Vidal eta Miriam Juaristik osotuko dabe. Txapelketan parte hartu daben guztiek diru kopuru bat eta egiaztagiri moduko trofeoa jasoko dabe. Ganera, epaimahaiak sari berezia emongo deutso bizkaiera onena erabilten dauenari.
Aurreko edizinoetan be taldekako formatuan egin da lehiaketea, honeek dira aurten parte hartu dabenak: Arratia, Busturia, Durango, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta eskualdeen ordezkari legez.
Durangaldeak lehenengo kanporaketea jokatu eta irabazi eban Igorren, Arratiaren kontra. Finalaurrekoetan Busturialdea izan eban aurrez aurre. Uribe Kostak, ostera, lehenengo saioan Lea-Artibai kanporatu eta gero, Hego Uriberi irabazi eutsan finalaurretan.
BBK-k batez be Euskal Herriko kultura eta hizkuntzearen usadiozko adierazpenak bultzatzeko diran ekimen guztiei laguntzeko egiten dauen apustuan kokatzen da sariketa hau. Lehen edizinoa 1992an egin eben, eta sasoi haretan, Euskal Herrian sustraituen dagoan ahozko euskal kulturearen adierazpideetako bat sustatzeko helburua izan eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!