JarriON, euskerazko ikus-entzunezkoen aplikazinoa
2018-03-22 08:20 Euskerea berbagaiBesteak beste, telebistako edukiak egongo dira ikusgai plataforma horretan.
Euskerazko ikus-entzunezkoen konsumoa erraztu eta era horretako produktuen zabalkundea bultzatzeko, JarriON aplikazinoa garatu dau CodeSyntax enpreseak. Izatez, Android sistemadun telefono mobiletarako aplikazinoa da, baina Chromecast euki ezkero, telebistako pantailan be ikusi leiteke. Euskerazko aplikazinoen lehenengo Chromecast aplikazinoa dala dinoe sortzaileek.
Donostian, Diputazinoaren Jauregian aurkeztu dabe JarriON, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako proiektua da eta. Goazen programearen aplikazinoagaz batera aurkeztu dabe, izan be, 2deo sormen laborategian garatu ditue biak. JarriON software libreko aplikazinoa dala nabarmendu behar da.
Codesyntaxen arabera, JarriON-ek bat egiten dau 2deo-ren helburuagaz: euskerazko ikus-entzunezkoen produkzinoa eta konsumoa handitzea, sormen testuinguru barriak sustatuz, formatu barrietan esperimentatuz eta zabalkunde kanalak biderkatuz.
JarriOn elikatzeko, hainbat telebista-kanal, plataforma eta ikus-entzunezko webguneren edukiak erabiliko ditue. Euskal Telebistak eta Hamaika Telebistak bat egin dabe proiektuagaz, eta honeek be partaide dira: Goiena, TBX (Youtubeko euskerazko bideoen bilatzailea), Berria, Gaztezulo, Dantzan, Infosare, Oizmendi, Xaloa eta Bertsoa. Youtuberren bideoak be ipiniko ditue (Aiora Probatxoa eta Nerea Alias batu dira orain arte).
Interfaze sinplea da JarriON-ena; lehenengo pantailan kanalak agiri dira, bideo barrienaren arabera antolatuta. Kanal bakotxaren pantailea da hurrengoa, kanal horreetako bakotxean, 15-20 bat bideo erakusten dira. Bideoetan klik eginda ikusi leitekez edukiak.
Aplikazinoa eskuratzeko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!