Munduko 50 Jatetxe Onenak Bilbon ezagutarazoko ditue

Bizkaie! 2018-03-21 12:57   Jan edanak

Bagilaren 19an izango da ekitaldi nagusia Bilboko Euskalduna Jauregian.

Igazko sariketea Melbournen | Ikusi handiago | Argazki originala

Gastronomiaren alorreko Oscar sariak dirala esaten dabe antolatzaileek. Restaurant aldizkariak urtero egiten dau munduko 50 jatetxerik onenen zerrendea eta zeresan handikoa izaten da; sukaldariek, jatetxeetako arduradunek eta kritikariek emoten dabe eretxia, sariok erabagiteko orduan.

Gastronomia eta sukaldaritzako kultura aberatsak daukaz Euskal Herriak, Restaurant-eko arduradunen esanetan. Horregaitik, aurtengo sariak Bilbon banatzea erabagi dabe. Jatetxe onenak zeintzuk diran esateko ekitaldi nagusia ez eze, gastronomiagaz lotutako beste jarduera batzuk be egingo ditue Bilbon bagilaren 16tik 20ra. Bost egunetako jarduerak Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkarlanean atondu ditue.

Ekitaldi nagusia The World´s 50 Best Restaurants sariketearen urteko galea da eta bagilaren 19an ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, munduko 50 jatetxe onenen zerrendea iragarriko dabe.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren esanetan, plazer eta pribilegio bat da Bizkaiarentzat nazinoartean hain itzal handia dauen ekitaldi gastronomikoa gurean hartzea. Emozinoz beterik gagoz eta lan handia egiten ibili gara aurtengo The World´s Best Restaurants sariketa berdinbakoa eta ahaztezina izateko.

2002an emon zan The World's 50 Best Restaurants saria lehenengoz. Beti Londresen antolatu izan da ekitaldia, baina 2016an New Yorken egitea erabagi eben antolatzaileek eta igaz Australiako Melbourne urian.

William Drewk, zerrendea egiten dauen editore talde britainiarreko kideak azpimarratu nahi izan dau sariak Europara itzuli dirala, zehatzago esateko, munduko helmuga gastronomiko handi horreetako batera: New Yorken eta Melbournen egin diran The World´s 50 Best Restaurants sarien azken edizinoen ostean, erabat hunkituta gagoz Europara itzuli garelako gure ekitaldi programea Bizkaian egiteko. Bagilean Bilbo izango da, zalantzarik barik, janari onaren eta jatetxe inspiratzaileen zaleentzako tokirik egokiena.

Mundu osoko chef, sukaldari, babesle, kritikari, kazetari eta influencer ugari batuko dira Bizkaian nazinoarteko sona izango dauen ekitaldiak irauten dauen bitartean. Ganera, guztiek programa ofizialetik kanpoko jarduerez gozau ahal izango dabe, berbarako, Euskal Herriko paisaje zoragarriak, euskal kulturea eta tokiko produktuen aberastasuna ezagutu eta sentidu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu