Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen udabarriko fasea, apirilean eta maiatzean
2018-03-27 12:35 Bertsolaritzea78 bertsolarik parte hartuko dabe eta 13 saio antolatu ditue.
Orain dala urte biko edizinoan estreinautako ereduari eutsita, fase bitan banatuko dabe 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. Udabarrian jokatuko dira lehenengo kanporaketak eta indartsuenak udagoieneko fasera pasauko dira. Lehenengo saioa apirilaren 14an jokatuko da, Bilbon, eta maiatzaren 26an amaituko da udabarriko fasea, Abadiñon.
Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Alkarteko lehendakariak azaldu dauenez, 2016an hasitako formatu barriari jarraipena emongo deutsie, egonkortuta dagoalakoan. Bertsolariek, behinik behin, gogoz hartu dabe deialdia, 78 lagunek emon dabe izena. Hortaz, seina bertsolariko hamahiru saio antolatu ditue.
Hamaika herritan izango dira saiook, kanporaketa bikotx bi egongo diralako: Apirilaren 22an, Ondarroan eta maiatzaren 13an, Getxon. Kasu horreetan, eguerdian seikote bat lehiatuko da eta arratsaldean beste bat. Ganerako herrietan kanporaketa bakarra antolatu dabe: Bilbon, Derion, Otxandion, Gautegiz Arteagan, Balmasedan, Elorrion, Areatzan, Erandion eta Abadiñon.
Udabarriko saio guztien egutegia, hemen.
Udabarriko fasea aukera aproposa da bertsolari gazteek txapelketako saltoa egin daien, formatu txikiko saioak izaten dira eta. Aurten, ganera, oso pozik dagozala dino Bertsozale Alkarteko Ione Narbaizak, 23 bertsolari barri animau diralako lehenengoz parte hartzera, zifra potoloa benetan. Transmisinoan egin dan beharra erakusten dau, azpimarratu dau Narbaizak. Eskualde guztietako ordezkariek emon dabe izena.
Bizkaiko Txapelketearen irudiaren oinarria basoa izango da, bertsolaritzearen ekosistemearen garrantzia agirian itxi nahi izan dabe eta. Ione Narbaizak azaldu dauenez, arbolak ikusten dira basoan, baina horren atzean ekosistema oso bat dago: ura, animaliak... bertsolaritzea be holakoa da, bertsolarien lanaren atzean ikusten ez diran faktore asko dagoz, esaterako, bertso-eskoletako transmisinoa. Bertsolaritzea be ekosistema bat dala esan geinke, horregaitik basoagaz paralelismoa egin gura izan dogu, aitatu dau Narbaizak.
Txapelketea egunero-egunero egiten dan lanaren erakusgarri da, Asier Ibaibarriagaren arabera. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari Ana de Castrok ganeratu dauenez, urteroko lanaren erakusleihoa da. Eskoletan egiten dan lana azpimarratu nahi dot batez be, hizkuntzea bizitasunez jazteko tresnea emoten jake gaztetxuei, dino De Castrok.
Apirilaren 14an, Bilbon hasi eta leku berean amaituko da txapelketearen 23. edizino hau, abenduan. Bide luze horretan, bertsoak hartuko ditu Bizkaiko bazter guztiak. Amaitzeko, atzera begiratu dau Asier Ibaibarriagak, aurten Bizkaiko Txapelketearen lehenengo edizinoa jokatu zaneko 60. urteurrena beteko da eta. Hareek ereindakoaren jarraipena da hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!