Bost ekitaldi dakarz BAS, Bilbao Arte Sagradua-k
2018-03-20 11:00 MusikeaMartiaren 21etik 27ra egingo dabe aurtengo edizinoa Gizakundearen eleizan.
Bilbo Arte Sagradua (BAS) jaialdia atondu dau Bilbao 700 Fundazinoak, martiaren 21etik 27ra. Gorputz eta Arima izenburupean, egitasmoak musika barrokoa, kantu polifonikoa, XII. mendeko konposaketa anonimoak, eta koreografia eta jantza-ikuskizunak eskainiko ditu Atxuriko Gizakunde eleizan.
Jaialdian tradizino musikal handiko Europa osoko talde sendoek parte hartuko dabe. Horreen artean dagoz, Soqquadro Italiano, L’Arpeggiata, Barbara Furtuna, El León de Oro abesbatzea, Kea ahots taldea, Música Faiata, Vespres D’Arnadí, Intonationes eta Lasala.
Egitarauari jagokonez, martiaren 21ean, eguaztenean emongo deutsie hasierea jaialdiari Stabat mater. El proyecto Vivaldi ikuskizunagaz. Honek musikea, kantua eta jantzea buztartzen ditu. Claudio Borgiannik Vivaldi guztiz barri bat idatzi dau, Vincenzo Capezzutori kantuaren eta jantzearen artean erraz mobiduteko aukerea emonez.
Martiaren 23an barriz, Vía Crucis obrearen txandea izango da, musika barrokoa L’Arpeggiata eta Barbara Furtuna taldeakaz. Christina Pluhar-ek sortu eban L’Arpeggiata taldea orain dala 18 urte. Musika barrokoa eta tradizionala lantzen daben bakarlariz osotuta dago eta bere helburua da XVII. mende hasierako musikea berpiztea. Barbara Furtuna, bariz, kantu polifoniko korsikarra lantzen dauen gizonezko abots talde bat da. Kantaukeran badakie polifonia tradizionalak bikain orekatzen, bai eleizakoak eta bai profanoak, eta oroimen kolektiboko ondare bihurtuta dagozan kantu zahar moldatuak.
Polifoniaren betegintzarrea izango da hilaren 24rako atondu daben ikuskizuna. El León de Oro abesbatzeak eta Kea abots taldeak alkarregaz eskainiko daben kontzertu honetan entzungai izango dira Frank Martin-en abesbatza bikotxerako mezea eta Tomás Luis de Victoria, Gustav Holst, Orlando di Lasso eta beste hainbat egileren lanak. Kea Abots Taldea erreferentziazko ganbera-abesbatzea da Estadu mailan. Hamabi abeslari profesionalez osotuta dago eta hasieratik euren helburua izan da XX eta XXI. mendeetako abesbatza-musikea eta Errenazimenduko eta Barrokoko abesbatza-musikea jotea. León de Oro abesbatzea bestalde, ezaguna da errepertorioa moldatzeko daukan erraztasunagaitik, horrek emoten deutso mueta guztietako kontzertuak eskaintzeko, hasi Errenazimendu eta Barrokoko maisuetatik eta obra abangoardistenetaraino.
O vos omnes, attendite ergo ikuskizuna programau dabe martiaren 26rako eta honetan XVII. mendearen lehen erdian lantzen ziran musika estilo guztiak dagoz Monteverdiren musikan. Estilo polifoniko zaharrean jarraitu eban musikea egiten, baina orobat sortu eban beste musika bat gero eta antz gehiago eukana, modu estilistikoan, konposizino profanoakaz.
BASen aurtengo edizinoan, Musika Fiata taldeak interpretauko dau bere musikea. Taldea 1976an sortu zan eta XVI eta XVII. mendeetako musikan espezializauta dago. Sakon aztertu ondoren mende bi horreetako interpretazino teknikak, musika estilo propio bat garatu dau, musika mueta trinko horri gardentasun berezi bat emotea lortuz.
Gorputz eta Arima izango da aurtengo jaialdiari amaierea emongo deutsona martiaren 27an. Ikuskizun instrumental, bokal eta koreografikoaren bidez hurreratze holistiko bat egingo dabe J.S. Bachen musikearen unibersaltasun zein transzendentziara, orkestra barrokoa erabilita, horretarako (Vesprés D’Arnadí), abots kuarteto bat (Intonationes) eta jantza garaikideko sorkuntza koreografiko bat (Lasala).
Ikuskizun bakotxerako sarrerak bost euroan dagoz salgai Bilbao 700 Fundazinoaren bulegoan, goizeko 11:30etik arrastiko 17:30era, astelehenetik barikura. Emonaldiaren egunean bertan be sarrerak erosi leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!