Kilometroak urte osora zabalduko dabe 2020an

Bizkaie! 2018-03-19 08:51   Euskerea berbagai

Jaiaren eredua aldatzea erabagi dabe Ikastolen Alkarteko kideek.

Eredu barria aurkezteko topaketea, Zumarragan (argazkia: Kilometroak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte biko gogoetearen emoitzea da asteburuan jakitera emondako erabagia: 2020tik aurrera desbardina izango da Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Urriko lehenengo domekako hitzordu handiari eutsiko deutsie, baina urte osora zabalduko dabe egitaraua. Ganera, urte bakotxeko antolakuntzea ikastola eta herri bakarraren esku itxi beharrean, danen artean alkarlanean antolatuko dabe.

Gaur egungo jokeretara egokitzeko beharra ikusi dabe ikastolek, orain dala 40 urte hasitako bidean aldaketa batzuk egiteko ordua dalakoan. Urriko jaia ardura handia da ikastola antolatzailearentzat, eta zeregina danen artean partekatuta egoera hori arindu nahi dabe; urtean zehar jaialdi txikiagoak egongo dira eta, era horretara, egun bakarreko hitzordu zehatz bat baino, urte osoko prozesu bihurtu nahi dabe Kilometroak.

Ikastolen eredua indartzea eta parte-hartzaileak suspertzea dagoz aldaketearen helburuen artean. Gaur egun, ikastolen jaialdietan publikoa gehienbat pasiboa izaten da, esate baterako kontzertuak entzutera doanean. 2020tik aurrera bisitariak aktibau nahi ditue, ikusle huts izatetik eragile izatera pasau daitezan. Bide horretan lehenengo pausuak eginak ditue Gipuzkoan, gazteen arteko Erronka ekimenak erakusten dauenez.

2018ko urriaren 7an, Urretxu-Zumarragan egingo dabe Kilometroak eta 2019ko urriaren 6an, Zarautzen; horreek izango dira oraingo ereduko azkenak. 2020an formatu barria martxan ipiniko dabe. Ganerako herrialdeetan be (Araba Euskaraz, Ibilaldia, Herri Urrats eta Nafarroa Oinez), antzeko gogoeta eta prozesuak egiteko asmoa dago, danak idea baten inguruan sortuak diralako, baina bakotxaren erritmoak errespetauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu