'Ibabeko Bertaren Bilobak', Kuadrillartekoan txapeldun

Bizkaie! 2018-03-19 08:24   Bertsolaritzea

Zapatuan jokatu zan finala, Gasteizen.

Finalean parte hartu eben bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile eta abarrak (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

2018ko Arabako Kuadrillarteko Bertsolari Txapelketako irabazlea Aramaioko ordezkari Ibabeko Bertaren Bilobak taldea izan da. Gasteizko Alde Zaharrean jokatutako finalean, Errekaleor Bizirik! eta Txandrio finalistek be parte hartu eben, guztira hamaika bertsolari.

Egun osoko jaia izan zan zapatukoa. Lautadako Jotafa taldeko musikarien doinuez lagunduta poteoa egin eben eguerdian eta 150 lagun alkartu ziran bazkari herrikoian. Ondoren, hamaika bertsolariak oholtzan agertu ziran, giro onak eta musikeak lagunduta.

Txandrio taldearen izenean, Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea egon ziran oholtzan. Ibabeko Bertaren Bilobak taldeko Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa. Errekaleor Bizirik! taldekoen partez, Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal. Gai-jartzaile Nieves Del Alamo eta epaile Mikel Marto, Jon Hidalgo, Josu Olano, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ekaitz Elorriaga, Patxi Aizpurua eta Aitor Jimenez ibili ziran.

Agurren ostean, hainbat ariketa puntuagarri egon ziran: Zortziko txikia, seiko motza, Iparragirreren doinuan eta abar. Puntukako eta kartzelako ariketak entzun eta gero, epaileek erabagi eben txapela Aramaiokoei emotea. Sariak danentzat egon ziran, baina.

Aurtengo Kuadrillarteko Txapelketan bat-bateko hamalau taldek parte hartu dabe. Horri gehitu behar jakoz idatzizkoan egon diran 16 taldeak. Danetara, hortaz, 300 lagun inguru ibili dira 2018ko edizinoaren bueltan. 2020an izango da hurrengoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu