Interneten euskerearen erabilerea egonkortu egin da
2018-03-16 12:14 Euskerea berbagaiPuntu Eus Behatokiaren txostena aurkeztu dabe.
Puntu Eus Fundazinoak urtero egiten dau, 2015etik, Puntu Eus Behatokia izeneko azterlana, hiru aldagai nagusiren barri zehatza jakiteko: Euskal Herrian internet zelan dagoan, euskerazko webguneak zenbat eta zelakoak diran eta, azkenik, .eus domeinuak zelako garapena izan dauen. 2017ko datuei jagoken txostena goizeon aurkeztu dau, Bilbon, Josu Waliño fundazinoaren zuzendariak. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskera diputadua be ekitaldian izan da, baita Irontec enpresako Iker Sagasti be.
Lorea Bilbaok azpimarratu dauenez, .eus domeinua ez da beste edozein domeinuren modukoa, hori baino askoz gehiago da, euskeraz jarduten dogunon adierazgarri da sarean. Badira hiru urte domeinua martxan jarri zala eta harrezkero izan dauen bilakabidea txalogarria izan dala uste dau. Pixkanaka igoten doala .eus domeinudun webguneen kopurua dino Bilbaok eta, batez be enpresetan igarri dala jokera hori.
Kultura eta Euskera diputaduaren azalpenen ostean, Josu Waliñok 2017ko Puntu Eus Behatokiko txostena jorratzeari ekin deutso. Batetik, jakitera emon dau Euskal Herrian 236.000 domeinu dagozala erregistratuta, gehienak .com eta .es erakoak. Ganerakoak pelotoian datoz, baina .eus besteak baino bizkorrago hazten dabil. Azken neurketan % 22ko hazkundea izan dau, aurreikusitakoa baino gehiago eta domeinu guztien bataz bestekotik oso gora.
Hori dala eta, Josu Waliñok helburu garbi bat ipini dau: 2020rako Euskal Herriko zerrendan .eus hirugarren postuan egotea. 2017ko txostenean 7.680 webgune egon dira .eus domeinupean erregistrauta, baina gaurko aurkezpena egin dabenerako ia 8.200era heldu da zenbaki hori, garapen arinaren adierazgarri.
Beste kontu bat da euskereak interneten dauen lekua. Euskal Herriko webgune gehienetan ez da euskerarik agiri, Waliñok argitu dauenez. Halandabe, 26.000 webgune euskeraz dagoz osorik edo zati baten eta hori datu ona dala uste dau Puntu Eus Fundazinoaren zuzendariak. Hori bai, 2015ean neurketak egiten hasi ziranetik, egonkortu egin da euskerazko webguneen kopurua, ez atzera ez aurrera dago.
Interneten euskerea agertzeak dauen garrantzia aintzat hartuta, euskerazko webgune gehiago izateko ahalegina behar dala dino Waliñok. Estrategia zehatzak behar doguz epe ertain-luzean, ingurune digitala euskeratzeko. Zeregin horretan .eus domeinua funtsezkoa dala uste dau, kontuan hartuta domeinu hori darabilen webguneen % 90 euskerazkoak dirala.
2017ko txostenak erakusten dauen beste datu bat lurraldeei lotutakoa da. Waliñok Bizkaiaren hazkundea azpimarratu dau, batez be enpresen alorrean. Gipuzkoa da nagusi oraindino, baina Bizkaiak bultzada handia izan dau, terrenoa irabazten dabil.
Agerraldiaren amaieran, Irontec enpresako Iker Sagastik Puntu Eus Fundazinoagaz batera garatu daben tresna barria aurkeztu dau: Puntu Eus Mapa. Bertan, .eus domeinua daukien webgune guztien datuak batzen dira, batez be ikuspuntu bitatik: Zelako teknologia erabilten daben eta non dagozan kokatuta.
Gune hori modu automatikoan eguneratzen joango dala azaldu dau Sagastik. Era horretara, gaur egungo egoerea ez eze, urteetan zehar .eus domeinuak dauen garapena ikusi ahal izango da. Puntu Eus Maparen baliabide deigarrienetako bat munduko mapea da, domeinua darabilen webgune guztien kokapena erakusten dau eta. Urrunen Zelanda Barriko bat dago. Sareratu zanetik gaur arte .eus-ek izan dauen hazkundea modu grafikoan erakusten dau, ganera.
Beste baliabide interesgarri bat sareko segurtasunari lotutakoa da. Irontec enpreseak garatutako tresneari esker, .eus domeinudun webgune bakotxak zelako segurtasuna dauen ikusi leiteke. Horren atzean, segurtasun hutsak daukiezenei ohartarazoteko eta kontzientziazinoa zabaltzeko helburuak dagozala dino Sagastik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!