Urko Arregi oñatiarra Bertso Errondako irabazle
2018-03-16 08:21 BertsolaritzeaJon Gurrutxaga bigarren geratu zan atzoko finalean.
Bilboko Zazpi Katu gaztetxea Far west bertso saloon bihurtuta ospatu eben Bertso Erronda txapelketako finala atzo iluntzean. Giro on eta umoretsu baten bueltan bertsolariak unaiz jantzita igo ziran oholtzara, gaijartzaileak Lucky Luken azalean jarri ziran saioak iraun eban bitartean eta epaileak Dalton neba-arreba mozorrotu ziran.
Jai giroan bai, baina bertsolari finalistak hasiera-hasieratik euren jardunean sartuta ibili ziran amaierara arte. Antolatzaileek saioak izan eban mailea azpimarratu nahi izan dabe. Danetara, hamar izan ziran lehian egon ziran bertsolari gazteak: Jon Gurrutxaga, Aitor Irastorza, Maialen Akizu, Iker Apraiz, Urko Arregi, Paule Loizaga, Aissa Intxaurti, Ander Urcelay, Kerman Diaz eta Unai Mendiburu.
Finaleko lehen kanporaketearen ostean, Jon Gurrutxagak, Maialen Akizuk, Kerman Diazez eta Urko Arregik egin eben aurrera. Binakakora barriz, Jon Gurrutxaga azpeitiarra eta Urko Arregi oñatiarra heldu ziran. Nor baino nor horretan Arregik eroan eban txapela.
Bilboko Erronda kaleari bizitasuna emoteko eta bertako tabernetako giro berezia nabarmentzeko eratu eben Bertso Erronda, bertsolari gazteen txapelketea. Aurtengo edizinoan, 25 lagunek parte hartu dabe. Adaxka, Errondabide, La Villa eta Bira tabernek kanporaketa bana hartu dabe eta saio bakotxean sei bertsolarik kantau dabe (La Villakoan zazpik). Onenak Zazpi Katu gaztetxeko finalean izan ziran atzo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!