Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaren finala zapatuan Gasteizen

Bizkaie! 2018-03-16 10:35   Bertsolaritzea

Biharko saioan Txandrio, Ibabeko Bertaren Bilobak eta Errekaleor bizirik! taldeak lehiatuko dira..

Urtarrilaren 13an emon eutsien 2018ko Arabako Bertso Kuadrilla Artekoari hasierea eta zapatu honetan, hilak 17, ia hilabete biren bueltan helduko jako amaierea. Egun osoko egitarauaz zipriztinduko da Gasteizko alde zaharra, eguerdian hasita arrastiko finaleraino.

Txapelketea Arabako geografian zehar burutu da lau ligatan banatuta eta danetara hamalau saio egin ditue, hiru finalaurrekoak izan dira eta holan finalerako txartela Arabar Errioxako Txandriok, Aramaioko Ibabeko Bertaren Bilobak eta Errekaleor bizirik! taldeek bereganatu dabe.

Arabako 5. Bertso Kuadrillartekoak egun osoko egitaraua dakar Gasteizko muinora, goizeko 12etan poteo bi abiatuko dira Alde Zaharrean zehar, bertsorik bertso, kalez kale ibiliko dira bat batean taldeetako kideak eta bertso sortak idatzi eta kantau dituen hainbat talde. 14:30ean Landatxo kiroldegian izango da bazkaria eta arrastiko 17:00etan, barriz, finala.

Taulara igongo dira: Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea arabar errioxarrak, Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa aramaioarrak eta Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal errekaleortarrak. Gai jartzaile lanetan Nieves Del Alamo izango da eta aurkezlea Oier Suarez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu