Euskerazko lehenengo serie digitala egiteko hiru hautagai dagoz: Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo; Andoni Imaz; eta Kepa Errasti

Bizkaie! 2018-03-16 08:19   Euskerea berbagai

Finalista horreetako bat aukeratu eta grabazinoa egingo dabe, gero nazinoartean zabaltzeko.

Andoni Imaz eta bere lantaldea da finalistetako bat (argazkiak: Next Station) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aditu talde batek eta sare sozialetako erabiltzaileek hiru proiektu finalista aukeratu ditue, euskeraz eta puntako teknologiagaz egindako lehenengo telesail digitala egiteko hautagai izan daitezan. Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo bikotea, Andoni Imaz eta Kepa Errasti dira aukeratutako egitasmoen sortzaileak. Euren proiektuen garapenean sartuta dabiz eta laster egonaldi artistikoa hasiko dabe Bizkaia Barrikuntza Faktorian. Next Station egitasmoa da honen guztiaren bultzatzailea.

Egonaldi hori amaitu eta gero, hiruretako bat aukeratu eta proiektua gauzatu ahal izango dau. Euskerazko telesail digital hori ETBn emon eta, ganera, nazinoarteko jaialdietan zabalduko dabe. Netflix, HBO eta halako plataformen eskaintzan sartzea be ez dabe baztertu. Internet bidezko telesailei eskainitako Series Land jaialdiaren 4. edizinoa egingo dabe aurten Bilbon eta, zelan ez, han be erakutsiko dabe.

Aukeratutako telesailaren sortzaileek babes handia izango dabe euren proiektua aurrera eroateko. Besteak beste, lehenengo denporaldiko sei kapitulu errodau ahal izatea ziurtatuko deutsie. Donostiako Tabakalerako gunean euskerazko ikus-entzunezko barriak sortzeko eratutako 2DEO laborategian lan egin ahal izango dabe.

Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok aurkeztutako proiektuan, aniztasunak dakarren aberastasuna erakusten da. Koman dagozan lau gazteren senideen arteko hartu-emonen bidez agertzen dabe kontzeptu hori. Izan be, senideen artean danetariko errealidadeak dagoz: Gor-mutuak, bikote ijitoa, bikote homosexuala... suspensea, umorea eta dramea buztartzen ditue telesailean.

Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo

Andoni Imazek, ostera, euskaltzaleentzako telesaila egitea pentsau dau. Musika-taldea sortu nahi daben lagun biren gorabeherak kontetan ditu. Hirugarren kidea topetako casting-a egiten dabizala, danetarikoak jazoko jakez. Telesail honek ardatz bi dituala dino egileak: euskerea eta musikea.

Hirugarren hautagaiak, Kepa Errastik, ibilbide luzea egin dau antzerkigintzan eta gidoigintzan. Bere proiektua akeratu ezkero, zuzendari ez eze aktore izatea ez dau baztertzen. Seme-alabak euki nahi dituen lau bikoteren istorioa kontetan dau. Hainbat egoeratan erakusten ditu: erditu aurreko ikastaroan, alkarregaz berbetan eta abar. Umore baltzez betetako telesaila ei da.

Kepa Errasti

Next Station egitasmoaren barruko ekimena da euskerazko telesail digitala sortzeko prozesu hau. Hainbat produkzino-etxek bultzatutako sormen-laborategia da Next Station, erakunde publikoen babesa be badaukana, esaterako Jaurlaritzearena zein Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiena. Ekimen pribaduaren eta publikoaren arteko alkarlan horri esker, euskal ikus-entzunezko digitalen sektorea indartzea da helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu