Espazioa marraztu dau Esther Ferrer-ek Guggenheimen
2018-03-15 13:15 KultureaElkarri lotutako guneak erakusketako hamaika instalazino artistikoak bagilaren 10era arte ikusi ahal izango dira.
Bere artelanek horrenbesteko interesik sortzen ez eben sasoian, proiektu eta maketa ugari egin zituala azaldu dau Esther Ferrer artista donostiarrak, baina ez eban pentsau egunen baten benetako artelan bihurtuko ziranik. Horregaitik, harritu egin da Guggenheim Museoko teknikariak instalazinoak horren era zehatzean ipinten ikusi dituanean, batzuk oso konplexuak dira eta. Museoko 105. aretoan dagoz hamaika instalazinoak, eta horreetatik bederatzi publikoari sekula erakutsi bakoak dira.
Sabaitik zintzilik dagozan sokak, alkar gurutzatzen daben marrak, forma geometrikodun egiturak... Itxura berezikoak dira Ferrer-en obrak. Ezaugarri nagusi bat dabe danek: Ikuslea hareen inguruan ibili daiten sortu ditu, ikuspegia aldatu ahala obrearen itxurea bera be desbardina dalako. Leku batetik soka moltso bat dana lerro zuzen izan leiteke kontrako ertzetik begiratu ezkero, esaterako.
Mobimenduak definiduten ditu nire obrak, ikuslearen perspektibeak, azaldu dau artisteak, Elkarri lotutako guneak izeneko erakusketa hori aurkezteko ekitaldian. Espazioa marraztearen modukoa da, izan be, espazioaren dimensino guztiak dira sormenerako gune Ferrerrentzat: Espazioaren barruan beste espazio batzuk sortzea da nire asmoa. Petra Joos komisarioak ganeratu dauenez, espazioen sekuentzia bat erakusten dabe obrek.
1970eko hamarkadatik gaur egunera arte, hainbat sasoitako obrak batu ditue Guggenheim Museoan. Halandabe, ez dala atzera begirako erakusketea nabarmendu dabe, helburua ez dalako dagoeneko ikusita dagozan obrak modu kronologikoan batzea, ezpada orain arte erakutsi bakoak argitara ateratzea. Euskal arte garaikidearen izen nagusietako bat izanik, Guggenheimek aspalditik nahi izan dau Ferrerren erakusketea antolatu, Juan Ignacio Vidarte museoaren zuzendariak azaldu dauenez. Zor handi bat kitatu dauelakoan dago.
Instalazino arin eta alaiak begitantzen jakoz Petra Joos komisarioari. Munduko barreak da berezienetako bat: Munduko hainbat herrialdetako personen barreak grabau ditue eta beheganean dagoan mapatik ibili ahala, horreek entzuten doa publikoa, pantaila batzuei esker. Erakusketa baten sarrerea dalako instalazinoa be deigarria da: Luma baltzez egindako tunel bat da, ikusleak bertara sartu leitekez, lumen ikutua sentiduteko. Onena da instalazino horretara biluzik sartzea, baina ez dakit museoko arduradunek hori baimenduko daben, esan dau Ferrerrek.
Beste elementu esanguratsu bat aulkiak dira. Esther Ferrerrentzat elementu artistiko garrantzitsua da aulkia, 1970eko hamarkadatik haren forma bereziaz gogoetea egin ebanetik. Harrezkero makina bat erakusketa eta instalazinotan erabili ditu aulkiak. Guggenheimeko erakusketan, Aulkiak zintzilik saila da ikusgarrienetako bat, baina baita delikatuena edo ahulena be.
Material berrerabilgarriak, birziklatuak eta abar erabilten ahalegintzen da Esther Ferrer, merkeak. Bilboko erakusketea amaitzen danean, instalazinoetako materiala birziklatzeko edo berrerabilteko emongo dau artisteak, hau da, obrak ez dira betiko izango. Gero eta gehiago gustetan jataz behin behineko obrak, efimeroak, azaldu dau. Hau guztia amaitzen danean, argazkietan eta ikusleen memorian baino ez da geratuko.
2018/03/16 - 2018/06/10
Bilboko Guggenheim MuseoanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!