Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko mugea argazkitan

Bizkaie! 2018-03-15 10:40   Kulturea

Jesús Mari Arruabarrenaren Muga erakusketea ikusgai, apirilaren 30era arte Bizkaiko Foru Liburutegian.

Erakusketearen komisario eta argazkilari Jesus Mari Arruabarrenak egin ditu Bizkaiko Foru Liburutegian ikusgai dagozan zuri-beltzeko 50 argazkiak. Autoreak kartografia fisiko eta emozionala egin dau lan horren bitartez, eta, paisajeaz ganera, bere barrua be erakusten dau ibilbide horretan.

Argazkiok Muga izeneko liburu baten be batu ditu egileak eta honek ardatz bi ditu oinarri: Orson Welles-en Pays Basque dokumentala, eta argazkilariak mugearen trazaketari eta Wellesen beraren pausoei jarraituta egin dauen bidaia.

Lan honen helburuak honako honeek dira: izaera propioa dauen komunidade bat, mugak dituana, erakustea; irudien bitartez, batez be Gerra Zibilaren ondorengo hamarkadetako banalerroak sortzen eban bizimodua zelakoa zan erakustea; eta hurreko historiaren ganeko lekukotzea emotea.

Jesús Mari Arruabarrenak hainbat tailer eta mintegitan parte hartu dau: Antoine D´Agata, Giorgia Fiorio, Ricky Dávila, José Manuel Navia, Juan Valbuena eta Matias Costa dira horreetako batzuk.

Muga bere zazpigarren argazki-liburua da. Aurrekoak honeek dira: Viejos oficios en decadencia (1995), Última generación (2002), Baserria. Oroimenari loturik (2005), Gertukoak / Ausencias (2010), MOO (2013) eta Friederike (2016).

Argazki-ikastaroak emoten ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat kultura etxetan, bai eta Udako Euskal Unibersidadean be.

Orain arte egin dituan erakusketen artean, nabarmentzekoa da Noctis Labyrinthus proiektuaren barruan egin dauen Moo erakusketea. Lan horren erakusketak egin ditu Elorrioko Casajara jauregian, Durangoko tren-geltoki zaharrean (2013), Markinako antxinako kartzelan eta Madrilgo Centro Internacional de Fotografía y Cine EFTI zentroan (2015).

Erakusketea Foru Liburutegiaren Areto Nagusian ikusgai egongo da apirilaren 30era arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu