'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpainea martxan da 45 herritan
2018-03-15 10:10 KultureaJenteak euskerazko liburuak irakurri eta oparitzea da kanpainearen asmoa.
Irakurzaletasuna bultzatzeko sortu eban Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, gozatu eta oparitu eta dagoeneko 12. edizinoa beteko dau. Maiatzaren 31ra arte egingo dabe, Euskal Herriko 45 herritan. Udalak, liburutegiak eta liburu-dendak alkarlanean ibiliko dira, Topaguneagaz batera, euskerazko liburuak publikoari hurreratzeko asmoz.
Euskeraz irakurtearen alderdi atsegina azpimarratu eta liburutegi publikoen baliabideak erakusteko asmoz sortu eben Irakurri, gozatu eta oparitu. Funtzionamendu errazeko ekimena da, hiru pausu emon behar dira: Liburutegiko liburu bat irakurri, fitxa bat bete eta horren truke jasotako bonoari esker, lagun edo senide bati beste liburu bat oparitu. Bono horregaz % 35 merkeago erosi leitekez euskerazko liburuak.
Horrezaz gan, apiril eta maiatzaren amaieran, liburutegi bakotxean, 30 euroko balioa dauen txeke baten zozketea egingo da, hil horretan irakurle fitxea bete dabenen artean. Txeke berezi horrek, besteek moduan, euskerazko liburuak erosteko aukerea emongo dau. Erosketa-txekeak liburu dendan erabilteko epea bagilaren 15era artekoa izango da.
Kanpainearen eragin positiboa nabarmendu nahi izan dabe antolatzaileek, izan be aurreko edizinoetan ikusi da egitasmoak eragin positiboa izaten dauela herritarrek herriko liburutegian egiten daben euskerazko liburuen mailegu kopuruan.
Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatura jarduerak be atonduko ditue eta horreen artean dagoz, barriketaldiak idazleakaz, liburu azokak eta irakurketa musikatuak. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntzinoa izaten dau: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Txalaparta.
Honeek dira parte hartzen dabizen udalerriak:
- Araban: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Zigoitia, Legutio eta Gasteiz.
- Bizkaian: Balmaseda, Ondarroa, Ermua, Atxondo, Mañaria, Zamudio, Igorre, Sopela, Getxo eta Lezama.
- Gipuzkoan: Soraluze, Ordizia, Orio, Legazpi, Lazkao, Zaldibia, Beasain eta Hernani.
- Nafarroan: Ultzalmaldea, Lizarra, Burlata, Sakana, Berriozar, Berriobeiti, Antsoain, Atarrabia, Uharte, Aranguren, Zizur Nagusia, Malerreka, Iruñea, Leitzaldea, Barañain eta Esteribar.
Egitasmoaren bideoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!