Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dau Nafarroako Parlamentuagaz
2018-03-15 08:31 Euskerea berbagaiHiztegi Juridiko-Parlamentarioa hobetzen lagundu eta Euskaltzaindiaren mendeurrenean parte hartuko dau Nafarroako Parlamentuak.
Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Parlamentuko ordezkariak Iruñean batzartu dira, erakunde bien arteko lankidetza hitzarmena hurrengo hiru urteetarako barriztuteko. Ekitaldian izan dira Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea, Andes Urrutia euskaltzainburua eta euskaltzain nafar bi, Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta.
Hitzarmenari esker, hainbat gai landu ahal izango ditue alkarlanean. Batetik, antxinako testu juridikoen erakusketa bat antolatuko dabe. Bestetik, Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa hobetu eta osotzeko pausuak egitea adostu dabe, erakunde biek alor horretan daben esperientzia erabilita.
Amaitzeko, Nafarroako Parlamentuak Euskaltzaindiaren mendeurrenean parte hartuko dauela be jasoten da hitzarmenean. 2018ko eta 2019ko udagoienetan egingo diran jardunaldi eta ekitaldiak alkarbanatzea aurreikusi dabe.
Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak 2015eko urtarrilaren 21ean sinatu eben alkarren arteko lehenengo lankidetza hitzarmena, lexiko parlamentarioa bateratzeko helburuagaz. Lan horretan, Eusko Jaurlaritzeak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek be parte hartuko dabe. Ainhoa Aznarez Igarza Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren esanetan, Euskaltzaindiagaz sinatutako hitzarmenak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari men egiten deutso, hizkuntza aniztasuna errespetetako betebeharra ezarten deutselako herrialde kide guztiei.
Aznarezek eskerrak emon deutsaz Euskaltzaindiari lankidetzarako prest agertzeagaitik: Euskerearen irudia maila guztietan duin bihurtzeko betebeharra daukagu; eta Nafarroa hizkuntza zahar zein barri honen bozgorailu eta erreferente bihurtu behar da, Nafarroako herritarrek daukagun altxorra dalako. Era berean, Ander Irizar eta Mikel Uriarte Parlamentuko itzultzaileei esker ona adierazo deutse, hiztegi juridikoa osotzeko egindako lanagaitik.
Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dau Nafarroako erakundeek euskeraz egiten daben guztia baliogarria jakola Euskaltzaindiari. Alkarlan hau ezinbestekoa dala uste dau, euskerea lanabes eta tresna izan daiten maila juridiko eta administratiboan. Azkenik, mendeurrena be gogoan hartu dau: Hitzarmen hau etorkizunera proiektau nahi dogu, mendeurrenaren eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!