Eusko Ikaskuntza mendeurrena ospatzen hasi da
2018-03-14 13:53 KultureaHegoaldeko lau foru erakundeetako agintarien babesa jaso dau gaur.
Orain dala ehun urte, 1918an, Eusko Ikaskuntza sortu zan, Hego Euskal Herriko lau foru aldundien babespean. Mendeurrena gogoan, Nafarroako Foru Gobernuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek agiria sinatu dabe, Bilbon egindako ekitaldian. Era horretara, lau foru erakundeek Eusko Ikaskuntzari emoten deutsien babesa barriztau dabe.
Ekitaldian gorengo mailako ordezkari politikoak egon dira: Ana Ollo kontseilaria Nafarroaren partetik eta hiru diputadu nagusiak foru aldundien ordezkari: Ramiro Gonzalez Arabakoa, Unai Rementeria Bizkaikoa eta Markel Olano Gipuzkoakoa. Eusko Ikaskuntzaren ordezkaritzearen buru, Iñaki Dorronsoro presidentea.
Irakurri eta sinatutako agirian, foru erakundeek gogoratzen dabe Eusko Ikaskuntza 1918an jaio zala sensibilidade, ideologia eta lurralde guztietako euskalari eta euskaltzaleak batzeko, zientzia eta kulturea, barrikuntzea eta aurrerapen kolektiboagazko konpromisoagaz. Era berean, Euskal Herriko lurralde guztiak hartzen dituan erakunde ofizial bakarra Eusko Ikaskuntza dala azpimarratu dabe, Eusko Ikaskuntzatik sortutako Euskaltzaindiagaz batera. Erakundeek sinatutako adierazpena irakurri hemen.
Eusko Ikaskuntzako presidente Iñaki Dorronsorok aurkezpena Bizkaiko Foru Jauregian egiteko arrazoia azaldu dau: Erakunde honetan proponidu zan 1918an euskal kulturea bultzatzeko kongresua antolatzea. Batzar haren ondorioa izan zan Eusko Ikaskuntza.
Ekitaldiaren amaieran, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko Batzorde Antolatzaileko Lehendakari Xabier Alkortak hartu dau berbea, efemeridea ospatzeko aurreikusitako ekitaldien barri emoteko: 1978an, Eusko Ikaskuntzaren berpizkundean protagonista izan ziranei autortzea, Euskal Herriaren azken 100 urteei buruzko liburuaren argitalpena eta antzezlan baten estreinaldia, besteak beste. Ganera, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua udagoienean izango dala iragarri dau Alkortak, Geroa Elkar-Ekin lelopean. Biltzarra Oñatin egingo da eta Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ekitaldien amaierea izango da. Bertan aurkeztuko dira ikerketa proiektuetan parte hartze eta kolaborazino zabalean egindako urte biko gogoetearen emoitzak. Prozesuan, ezagutzearen hainbat disziplinatako profesional eta adituek, herritarrek, gizarte eragileek, politikearen zein ekonomiaren mundukoek, instituzino publikoek eta bestelakoek parte hartu dabe.
Ikerlan horretako proiektu bakotxak kongresu-saio bat izango dau, euskal uriburu banatan. Erakundearen lan eremuen ondorioak horreetako bakotxean landuko dira eta, azkenik, horreek guztiak Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan jorratuko ditue, Oñatin.
1918an sortu zanetik 17 kongresu egin ditu Eusko Ikaskuntzak, helburu nagusi bigaz: batetik, ikerkuntzea eta kulturea sustatzea, eta, bestetik, Euskal Herriaren erronken eta beharren inguruko azterketea egitea, aurrerabidea helburu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!