Euskaldun gehienek ez dabe euskerazko produkturik erosten
2018-03-14 12:59 Euskerea berbagaiSiadeco enpreseak Elkar Fundazinoarentzat egindako inkesteak datu gogoangarriak dakarz.
Euskal kulturearen konsumoaren inguruko datuak ezagutzeko asmoz, Elkar Fundazinoak inkestea egiteko eskatu deutso Siadecori. Danetara, 2.500 laguni (euskaldunak zein erdaldunak) egin deutsie itaunketea eta gaur emon dabe ondorioen barri. Deigarria da datuetako bat, hau da, euskaldunek ez dabela euskerazko produktu kultural askorik erosten edo konsumiduten.
Atalka banatu dabe inkestea. Esaterako, liburuen alorrean, euskal herritarren % 58k ohiko irakurletzat dau bere burua. Baina euskerazko liburuetara jota, kopurua nabarmen bajatzen da. Euskeraz dakien personak bakarrik kontuan hartuta be, lautik batek baino ez dauka euskeraz irakurteko ohiturea. Beste % 19k lantzean behin irakurten dauela dino. Euskal hiztunek eurek be, askoz gehiago irakurten dabe erderaz euskeraz baino.
Euskeraz ez irakurteko emondako arrazoien artean, ia erdiek aitatu dabe ez dabela erraztasunik. Ganerako rrazoiak ez dira horren pisuzkoak, esaterako euskeraz zer argitaratzen dan ez jakitea edo gustuko libururik ez topetea.
Prentsan, euskaldunen % 21ek euskerazko hedabideak irakurten ditu, baina erderazko egunkarietara joten dabe gehienek (euskal hiztunen % 59k). Telebistan orekatuago dago kontua: % 42k euskerazko telebista ikusten dabe, eta % 48k sekula be ez.
Musikearen alorrean be, datuak ez dira guztiz baikorrak euskal sortzaileentzat. Inkestan parte hartu dabenen % 30ek dino euskerazko diskoak erosten dituala (% 12, erdaldunak be kontuan hartuta). Gazteek erosten ditue euskerazko disko gehien. Zuzeneko kontzertuei jagokenez, badirudi datu hobeak dagozala, % 47 euskerazko kontzertu batera joan da azken urtean, gazteen artean hirutik bi.
Elkar Fundazinoaren presidente Joxemari Sorsek azaldu dauenez, euskal kontsumitzaileen moltsoaren neurria zein dan jakin leiteke gitxi gorabehera. Atera daben ondorioa da, 150.000 irakurle inguru dabizala euskerazko liburugintzearen inguruan. Horrek produkzinoa mugatu egiten dauela dinoe Elkar-ekoek, eta euskal produktuak gizarteratzeko politika eraginkorrak eskatu deutsiez erakundeei.
Liburu digitalak, ostera, geldialdian dagozala emoten dau. Inkestan parte hartu dabenen artetik, heren bik papelezko libururen bat erosi dau azken urtean; liburu digitalen bat, hamarretik batek. Sasoi baten liburu digitalari ikusten jakon etorkizun oparoa ez dala heldu uste dau Sorsek.
Musikan, ostera, teknologia barriek eragin daben dobakotasunari begiratu deutso Elkar Fundazinoak. Internetetik edukiak doban eskuratzen ditue askok eta horren inguruko gogoetea eskatu dabe. Produktu kulturalen truke ordaintzeari balioa emon behar jakolakoan dago Joxemari Sors.
Azterlan osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!