'Bertso Bizi Gazte' lehiaketea martxan da

Bizkaie! 2018-03-14 12:36   Bertsolaritzea

Bertsoaren bidez, gazteen euskerazko sormena bultzatu nahi dau egitasmoak.

Bertsoa Bizi Gazte 2016an Arabako Bertsozale Alkarteak abiarazo eban egitasmoa da eta gazteen euskerearen erabilerea sustatzea dau helburu. Honetarako euskerazko sorkuntzea da ardatz nagusia, baina musikea, rapa edo ikus-entzunezkoen arteko fusinoa lantzea be bai. Egitasmoak eragin eremu nagusi bi ditu, bata, hezkuntza arautuan kokatuta; bertan, Arabako institutuetan (DBH 3. eta 4. mailatan batez be) lau orduko saioetan, euren produkzinoak taularatzen ditue bertso saio parte-hartzaile baten bitartez.

Arduradunek dinoenez, igazko ikasturtean 1.000 gazte izan ziran hartzaileak.  Aisialdi eremuan, barriz,  BBG lehiaketearen bidez, taldekako euskerazko sormena bultzatu asmoz, ikus-entzunezko lanak osotu zituen.

Antolatzaileek aurtengo ikasturtean, murgiltze saioen bidez, 1.500 gaztegana heltzea espero dabe, izan be, igazko institutu guztiek emon deutsie jarraipena ikasturte honetan: Gasteiz, Lautada, Mendialdea, Añana, Aiaraldea eta Gorbeialdekoak eta iragarri dabenez, aurten beste hainbat eremutara be heldu dira, Amurrioko Zaraobe eta Lapuebla de Labarkako ikastolea dira horreetako batzuk. Honetaz gan, bideoklip lehiaketearen bidez parte hartzea handituko dala aurreikusi dabe.

BBG lehiaketea Arabako Bertsozalek atontzen dau Arabako Foru Aldundia eta Laboral Kutxaren laguntzinoagaz. Arabako gazteen euskerazko sorkuntzea bultzatzea dau helburu egitasmoak eta taldeka aurkeztu beharko ditue euren lanak  (3-8 lagun talde bakotxeko). Gaiaren aukeraketea talde bakotxaren esku egongo da eta bertsoak musikatu, abestiei letrak aldatu edo rap moldeetara pasau ahal izango dabe, beti be lana euskera hutsean eginez. 

Parte-hartzaileek maiatzaren 4ra arte izango dabe lanak aurkezteko epea; 12an, barriz, BBG Eguna izango da Legution. Bertan, bideoklipak,  bertsolari gazteen eskolarteko saioak, sariak banatzea, herri bazkaria eta kontzertuak jasoten ditu programazinoak.

Sariei jagokenez,  aurten be lau sari nagusi eskainiko ditue: bideoklip onenaren saria, originalena, webguneko bozkatuena eta txalometroaren saria. Irabazle guztien saria irailaren 7tik 9rako asteburu pasa izango da.

2018ko lehiaketearen spota hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu