Harrerea Gaztediko txapeldunei

Bizkaie! 2018-03-14 10:01   Euskaldunak munduan

Laukizkoek urrezko domina bi eta zidarrezko bat irabazi ditue Munduko Sokatira Txapelketan.

Loiuko harrerea (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Txinako Xuzhou uritik bueltau dira Gaztedi taldeko kideak eta Loiuko aireportuan lur hartu eta berehala, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza batek harrera beroa egin deutse, Lorea Bilbao Kultura eta Euskeral diputadua buru. Beste zale eta herritar asko be egon dira ondoetorrian. Zapatariñe jantza taldeak aurreskua eskaini deutse txapeldunei.

Izan be, lan bikaina egin dabe Gaztediko neska-mutilek Munduko Sokatira Txapelketan. Nazinoarteko tiralaririk onenen aurrean euren indarra agertu dabe eta emoitza distiratsua ekarri deutse horrek: Urrezko domina bi eta zidarrezko beste bat.

Emakumezkoen kategorian irabazi ditue urrezko domina biak: 500 eta 540 kilokoetan. Zidarrezkoa, ostera, gizonezkoen 560 kilokoan irabazi dabe. Egunik biribilena lehenengoa izan zan, martiaren 8a, urrezko eta zidarrezko domina bana irabazita, izan be, 500 kiloko urrea geroago etorri zan.

Lorea Bilbao diputaduak Gaztediko ordezkariak zoriondu ditu eta Txinan egindako lan bikaina txalotu. Horrezaz gan, ez dau ahaztu nahi izan Bizkaiko beste taldeak, Arrigorriagako Sokarrik egindakoa. Dominarik ez, baina laugarren postu bat bai, lortu dabe Sokarrikoek. Horri esker, elitean dabizan klubei laguntzeko Bizkaia-Bizkaialde programan sartu ahal izango da Sokarri. Gaztedi lehendik izan da egitasmoaren parte.

Euskal ordezkaritzeak 16 domina irabazi ditu Suzhouko txapelketan, Gaztediko hirurak tartean. Emoitza bikain hori azpimarratu dau Lorea Bilbaok, baita Basque Country izenpean Euskal Selekzinoak irabazitako zazpi dominak be. Mundu mailan era ofizialean lehiatzeko baimena daukan euskal selekzino askorik ez dago, baina sokatirakoa da horreetako bat. Beste herrialdeen pare parte hartzeko aukerea ondo aprobetxau dabela emoten dau, Suzhouko emoitzak ikusita.

 

Gaztediren 500 kiloko tiralariak finalean (argazkia: Gaztedi)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu