Deustukoak eta Injineruak aurrez aurre, hilaren 23an
2018-03-14 09:07 KultureaEstropadearen 38. edizinoa hartuko dau Bilboko Itsasadarrak.
Urteroko hitzordura hutsik egin barik, Deustuko Unibersidadeko eta EHUren Injineruen Eskolako ordezkariek alkarri erronkea bota deutsie, Bizkaiko Uren Partzuergoaren egoitzan egindako ekitaldian. Traineruak martiaren 23an, barikuan, lehiatuko dira, 18:00etan. Kirol probea baino gehiago da, unibersidade bien arteko betiko lehiaren erakusgarri eta uriarentzako ekitaldi sozial garrantzitsua.
1981ean jaio zan estropadea, Injineruen Eskolakoek Deustukoei botatako erronkearen harira. Harrezkero, urtero neurtzen ditue indarrak Bilboko Itsasadarrean, lau miliako ibilbidean (7,4 km.). Erandion hasi eta Bilboko udaletxearen aurrean amaitu, bidean bost bihurgune eta sei zati zuzen topauko ditue arraunlariek. Aurten, Deusturi jagoko zein aldetatik joan nahi dauen erabagitea.
Modalidadeari jagokonez, jesarleku mobikorreko estropadea da, zortzina arraunlari eta patroi bana daroez ontziek. Hortaz, ez da euskal kostaldean horren ohikoak diran estropaden erakoa, ezpada Joko Olinpikoetan eta halakoetan ikusten diranen antzekoa. Ingalaterrako Oxford-Cambridge lehia be badakar gogora, unibersidade biren arteko estropada tradizional amateurra dan ezkero.
Historiako denporarik onena deustuarrek 2016an egindakoa da (22 minutu 14 segundu) eta eurek daukie garaipen gehien, 23. Injineruek, ostera, 14 bidar irabazi dabe eta errebantxa gogoz be egongo dira, igaz Deustu izan zalako bizkorrena.
Estropadearen babesle nagusi dan Uren Partzuergoko presidente Ricardo Barkalak azpimarratu dauenez, jentearen artean gero eta interes handiagoa eragiten dau hitzorduak. Ia 40 urteko historian, aldaketa sakonak egon dira eta Barkalaren ustez orain arraunlariak atletak dira, hau da, prestatuago datoz.
Deustuko entrenatzaile Azael Rodríguezek uste dau abantaila txiki bategaz ekingo deutsiela estropadeari, zein kaletatik joan nahi daben aukeratzeko aukerea izango dabe eta. Seguruenez hegoaldeko aldea aukeratuko dabela dino, baina egunean bertan hartuko dau behin betiko erabagia. Rodríguez pozik dago, talde lehiakorra batu dauelakoan. Deusturen amabitxia Teresa Laespada izango da aurten.
Injineruen kapitain Mikel Barturenek dino Deustu dala faboritoa. Arraun egingo dauen zortzikotea guztiz erabagi barik daukala azaldu dau, kide batzuen konpromiso profesionalak tarteko. Garaipenaren bila joango dirala baina euren aukerak uretaratuko daben zortzikotearen menpe dagozala onartu dau Barturenek. Injineruen aitabitxia Joxe Anjel Iribar izango da.
2018/03/23 18:00
Bilboko ItsasadarreanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!