'Bilboko Korala Gertutik' programea zapatuan abiatuko da Bilbon
2018-03-13 12:22 MusikeaUriko barruti guztietan izango dira kontzertuak, bagilera arte.
Programan parte hartuko daben koral taldeetan 300 persona baino gehiago batuko dira hirugarren edizino honetan, horreen artean dagoz musika-tresna espezialidadeetakoak eta kantu ikasleak.
Bilboko Korala Gertutik programearen helburua da musika koralerako zaletasuna jente guztiaren artean bultzatzea eta Bilboko Koral Alkartea osotuten daben taldeen eta bertako ikasleen lana erakustea. Egitaraua gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko udaletxean, eta bertan egon dira Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia eta Iñigo Alberdi eta Enrique Azurza Bilboko Koral Alkarteko Gerentea eta Zuzendari Artistikoa, hurranez hurran.
Musika programazinoa zapatuan, martiaren 17an, hasiko da, Otxarkoagako Justo eta Pastor Santuen Eleizan, Urko Sangronizek zuzentzen dauen eta Bilboko Koral Alkartearen talde gaztea dan Euskeria Abesbatzearen eskutik. Honek betidanik bete izan dau Umeen Abesbatzearen eta Bilboko Koral Alkarteko Koral mistoaren arteko bitarteko pausu izateko filosofia, Errenazimendutik gaur egungo musikara doan errepertorioa landuz. Abesbatza gaztea izango da, baita be, programazinoaren bigarren hitzorduaren protagonistea, apirilaren 5ean, Bihotz Sakratuaren eleizan (Abandoko jesuitak).
Hurrengo emonaldia apirilaren 14an izango da Iralabarriko San Antonio eleizan, eta Jesus Guridi orkestrearen eskutik etorriko da. Talde berak beste kontzertu bat eskainiko dau maiatzaren 5ean Santutxuko Karmelo eleizan, Bilboko Koral Alkarteko kantu ikasleakaz batera.
Matikoko Salbatore eleizeak, 70 abots batzen dituan Umeen Abesbatzearen kontzertua jasoko dau apirilaren 21ean. 1994ko zezeiletik, abesbatza Bilboko Koral Alkarteko Konserbatorioko ikasleez horniduten da batez be. Zuzendaria José Luís Ormazabal da.
Maiatzerako programazinoak hiru kontzertu batzen ditu, 5ean, 11n eta 12an. Lehenengoan, Jesus Guridi orkestrea ibiliko da kantu ikasleakaz batera Karmelo eleizan. Hilaren 11n, Bilboko Koralaren txandea izango da, Abusuko Artzain Onaren eleizan. Hurrengo egunean, musikea Zorrotzako Mirarien Dominaren Gure Amaren parrokiara helduko da, Alegro Abesbatzeagaz eta Gitarra Orkestreagaz.
Programazinoari bagilaren 16an emongo jako amaierea, Deustuko San Felizisimo eleizan, Bilboko Koral Alkarteak orain dala urte bi martxan jarritako Eskolan Kantari egitasmoaren emonaldiagaz. Egitasmoaren helburua, kantua uriko ikastetxeetara hurreratzea da. Ekimen horretako partaideak izango dira Bilboko Korala Gertutik programazinoari amaierea emongo deutsienak.
Kontzertu guztietarako sarrera dobakoa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!