Zidarrezko dominea irabazi dau Jon Santacanak Pyeongchang-en

Bizkaie! 2018-03-13 08:01   Euskaldunak munduan

Joko Paralinpiarretako superkonbinaduan bigarren izan da donostiarra.

Argazkia: BAT-Basque Team | Ikusi handiago | Argazki originala

BAT-Basque Team-eko Jon Santacana eskiatzailea eta haren gidari Miguel Galindo ez dira esku hutsik bueltauko Hego Koreako Joko Paralinpikoetatik, izan be, superkonbinaduan zidarrezko dominea jantzi dabe.

Proba horretako lehenengo txandan, super-erraldoian, Santacanak eta Galindok 1:27.34ko denporea egin dabe, eta hirugarren izan dira, Maros Hudik eta Miroslav Haraus, eta Jakub Krako eta Branislav Brozman bikote eslovakiarren atzetik.

Bigarren txandan, ostera, postu bat gora egitea lortu dabe. Eslalomean, Santacanak eta Galindok 47.79ko denporea egin, eta horri esker zidarra irabazi dabe. Urrezko dominatik 91 ehunenekora geratu dira, baina hori Maros Hudik eta Miroslav Haraus eslovakiarrentzat izan da. Brontzezko dominea Valerii Redkozubov eta Eugeny Geroev errusiarrek eroan dabe.

Laugarren postuan bi bidar geratu eta gero, beraz, azkenean Santacanak eta Galindok podumera igotea lortu dabe Pyeongchang-en. Ganera, oraindino beste proba bi geratzen jakez: martiaren 14an, erraldoia eta martiaren 17an, eslaloma.

Hego Korean irabazitako domineagaz, bederatzi domina ditu Santacanak Joko Paralinpikoetan. Miguel Galindogaz batera irabazitako seigarrena dau hau. Torinoko Jokoetan izan ezik (tibia eta peronea apurtu zituan urte haretan), beste hitzordu paralinpiko guztietan podiumera igon dau bikoteak: Vancouverren urre bat eta zidar bi irabazi zituen eta Sotxin urre bat eta zidar bat. Salt Lake Cityn Santacanak beste gidari bategaz parte hartu eta urrea irabazi eban eslalom erraldoian eta beste brontze bi be eroan zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu