Free-to-play Bideo-jokoen Campus-azeleratzailea aurkeztu dabe Gasteizen

Bizkaie! 2018-03-13 11:05   Kulturea

Ekimenean izena emoteko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.

Free-to-play (F2P) bideo-jokoen sektorean proiektu bat dabenetzat, Gasteizen egingo dan F2P Campusean izena emoteko epea zabaldu da dagoeneko. Eskariak aurkezteko aukerea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik eta honeek hautaketa-batzorde batek aztertuko ditu; bagilaren 15ean emongo da aukeratutakoen izena eta handik hilebetera emongo jako hasierea Campus-azeleratzaileari; urriaren erdialdean amaituko da Demo Day bategaz, azken ekitaldi horretan parte-hartzaileek euren proiektuen aurrerapena aurkeztuko dabe. Izena doban emon ahal izango da Euskadi Innova webgunearen bidez.

Free-to-play Bideo-jokoen munduko lehenengo Campus-azeleratzailea da eta Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotuta dago. Euskal Herrian bideo-jokoen sektoreko enpresak batzen dituan Basquegame alkartearen bidez sustatu dau ekimena Eusko Jaurlaritzeak. Ganera, F2P-k Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzinoa dau. Helburua da 2016an, 116.000 miloe euro baino gehiago fakturau zituan sektore bateko nazinoarteko proiekturik onenak Gasteizera erakartea. Berez, sektoreak une honetan bideo-jokoen merkatua erabat hartzen dau, gehien saldutako 200 bideo-jokoetatik 197k ezaugarri horreek ditue, eta horreen artean benetako best sellerrak dagoz, Candy Crush Saga da horreen adibide, 100 miloe jokalari baino gehiago ditu jokoak eta egunean 5 miloe fakturetan ditu.

F2P Campus Vitoria-Gasteizen, egoitza nagusia Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa, izango da eta bertan gehienez hiru kidez osotutako sei taldek garatuko ditue euren proiektuak. Parte-hartzaile horreek www.f2pcampus.com webgunearen bidez jasotako hautagai guztien artetik aukeratuko dira. Atari hori dagoeneko abian dago eta era horretako bideo-jokoak bakarrik batuko dituan lehenengo Campus-azeleratzaile horretan parte hartzeko baldintzak dagoz.

Ekimena sektoreko nazinoarteko aditu bik zuzenduko dabe: Jon Beltrán de Heredia arabarrak, Commandos bideo-jokoan parte hartu dauenak, eta Raúl Herrerok. F2P ekimenak, zuzendari bi horreez gan, nazinoarteko beste hamar bat aholkulari izango ditu: Joony Koo korearra, Amir Rajan eta Andrés Tallos, besteak beste. Ganera, Amazon, Google eta Euskaltel partner ezagunak be sartu ditu dagoeneko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren arabera, ekimen estrategikoa da Euskadirako, Arabarako eta Gasteizerako, eta hazten dabilen sektore kultural digitalera talentua, jarduerea eta negozioa erakartea dau helburu. Dinoenez, oinarri bat eregi nahi dabe jarduera ekonomiko jarraitu bategaz lurraldean inpaktu bat sortzeko.

Arabako foru diputadu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, bestalde, F2P ekimena bertan egiteak lurraldearentzat dauen garrantzia azpimarratu dau, zalantza izpirik barik eten barik hazten dagoan sektore bateko talentuakaz hartu-emonetan jarteko aukerea emongo deusku, eta aberastasun eta enplegu iturri izan daiteke Arabarako.

Azkenik, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek esan dauenez, ekimenak nazinoarteko proiekzinoa emongo deutso uriari. Ziur gagoz campusa abian egongo dan hiru hilebete honeetan, bertan parte hartzen daben taldeak nahiz gurera etorten diran aholkulari edo mentoreak Gasteiz uriaren mandatari bihurtuko dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu