Benetako jazoera bat fikzinora eroan dau Karlos Linazasorok

Bizkaie! 2018-03-12 13:22   Kulturea

1978an, gai kutsagarriz betetako tren batek istripua izan eban Tolosan.

Donostian aurkeztu dau Karlos Linazasorok '6012' (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Karlos Linazasororentzat, 1978ko martiaren 28ko gaua ez da edozein gau. Egun haretan, tren batek istripua izan eban Tolosako geltokian. Azido zianidrikoz beteta joian, hau da, isuri edo leherketaren bat egon ezkero, herri guztia eta inguruak suntsitzeko moduko kargea. Linazasororen aita Tolosako Udalean egoan sasoi haretan eta idazleak, 15 urte zituala, hur-hurretik bizi izan eban orduko tensinoa. 6012 nobelan (Erein) batu ditu ordukoak, fikzino bihurtuta.

Linazasorok azaldu dauenez, 1978ko gau haretan zurrumurru asko zabaldu ziran Tolosan: Udal ordezkariek iges egin ebela, esaterako. Horrek herritarren ezinegona handitu eban. Arrisku larria ikusirik, herritar batzuk ebakuau zituen, baina Udaleko kideak lan eta lan ibili ziran egoerea bideratzeko ahaleginean. Tragediatik hur geratu zan herria, baina azkenean azido zianidrikoa handik eroan ahal izan eben.

Linazasorok gogoratu dauenez, aitak egun bi egin zituan Tolosako geltokian, egoerea bideratzeko ahaleginean. Diktadurearen ostean sortutako udal gestorako burua zan. Etxean bizi izandako ezinegon hori nobelara eroaten ahalegindu da. Istripua izan eban trenaren zenbakia da 6012.

Linazasorok hainbat nobela idatzi ditu, baina hau desbardina izan da. Batetik, benetako bizipenetan oinarritu dalako. Bestetik, bere liburuetan jazoera fantastikoagoak, errealidadetik urrun dagozanak, sartzen ditualako. Orain, hortaz, estiloa aldatu dau, 6012 nobela errealistea da eta, fikzinoa izan arren. Datu asko, azalpen teknikoak, jazoeren kronologia eta abar benetakoak dira. Baina liburua osotzeko, asmautako tramak sartu ditu.

Hain zuzen be, liburuaren hari nagusia Udaleko ordezkarien eta geltokiko arduradunen arteko hartu-emonak eta komunikazinoa dira. Sasoi haretako giro politiko eta sozial gorabeheratsuak be lekua dauka liburuan. Estilo aldetik, nobela bizia, ekintza askokoa eta deskribapen gitxikoa idatzi dau Linazasorok. Misterioa be emon deutso kontakizunari, eta amaierara arte eutsi deutso tensinoari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu