Bertsoz betetako asteburua

Bizkaie! 2018-03-12 09:52   Bertsolaritzea

Bardoetako finalaurrekoak amaitu dira eta Uribe Kostako txapelketea aurrera doa.

Erratzuko saioko parte-hartzaileak (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko hainbat txokotan bertsolariak jo eta ke ibili dira bertsotan asteburuan. Nafarroako Bardoetan, finalaurrekoetako bigarren itzulia jokatu da, Uribe Kostako Txapelketan lehenengo hiru kanporaketak eta Gipuzkoako Eskolartekoan be saio bat egon da. Osinberde sariketea bizkaitar batek irabazi dau, Asier Galarzak.

Bardoetan, Erratzun jokatutako saioa Baztan-Malerrekako Addams Familia izeneko taldeak irabazi eban. Joaneko saioa be eurek irabazi ebenez, finalerako sailkatu dira, Iruñeko Topa Bardo Kopa! bidean itxita. Leitzako saioan, ostera, etxeko taldea, Aldatzea Komeni, izan zan onena, eta finalean izango da hori be, Berako Ibardin, Hiru Ta Lau Dira Zazpi kaleratuta. Azkenik, Lesakan izan zan hirugarren eta azken finalaurrekoa. Hor be etxekoak nagusi, Unibertsolariak hain zuzen. Bi Dozena taldeari irabazita, finalean izango dira lesakarrak.

Horrenbestez, aurtengo Bardoek baditue finalistak: Baztan-Malerrekako Addams Familia, Leitzako Aldatzea Komeni eta Lesakako Unibertsolariak. Finala martiaren 24an jokatuko da, Lekunberriko Toki-Alai sagardotegian.

Bestetik, Inazio Vidal, Beñat Vidal eta Paule Loizaga izan ziran onenak Uribe Kostako txapelketan. Erandion hiru saio jokatu ziran barikuan, herriko leku eta ordu banatan. Paule Loizagak batu zituan puntu gehien, bere saioa 269gaz amaitu eban eta. Inazio Vidalek 247,5 jaso zituan eta haren anaia Beñatek, 239. Hortaz, horreek hiru bertsolariak txapelketako hurrengo fasean izango dira ziur. Ganerakoek, puntuazinoaren arabera jakingo dabe finalaurrekoetan kantauko daben ala ez, behin kanporaketa guztiak jokatuta. Ondoen kokatuta dagozanak Unai Mendiburu (268 puntu), Kerman Diaz (248) eta Daniel de Miguel (207,5) dira.

ALBE bertsolari eskoleak gai-jartzaileen lana be txalotu dau. Erandioko kanporaketetan Nahikari Ayo, Aitor Fernandez de Martikoena, German Kortabarria, Jon Amezaga, Olatz Larrinaga, Naiara Etxaiz, Miren Loizaga eta Goizalde Atxutegi ibili ziran zeregin horretan. Joseba Santxoren gidaritzapean, epaileak honeek izan ziran: Josu Arroyo, Leire Iriondo, Aitor Fernandez Martikorena, Nagore Uribe-Etxebarria eta Araitz Lasa; idazkari lanetan Karmele Elosegi eta Arkaitz Gomez.

Barikuan beste hiru kanporaketa jokatuko dira, Algortan.

Zaldibian, ostera, Osinberde sariketearen 6. edizinoa jokatu da asteburuan. Osinalde txapelketa entzutetsuagaz lotuta dago Zaldibikoa, izan be, onenei Gabiriako finalean kantetako txartela emoten deutsie. Hain zuzen be, Asier Galarza eta Aitor Servier, Osinberdeko lehenengo sailkatu biak, egongo dira Osinalden, apirilaren 7an. Galarza muxikarra izan da irabazle Zaldibian, epaimahaiaren eretxiari esker. Entzuleen saria, baina, Eneko Araiztegiri emon deutsie.

Saats Karasatorre, Aitor Servier, Paule Loizaga, Eneko Araiztegi, Asier Galarza eta Danel Olano izan dira Osinberde alkarteko saioko parte-hartzaileak. Gai jartzaile Joxi Irastorza ibili da. Koplen atalean, Ander Matxain eta Unai Beloki trikitilarien laguntzinoa izan dabe.

Gipuzkoan, ostera, Eskolarteko Txapelketako kanporaketak jokatzen dabiz asteotan. Asteburuan, Ereñotzun batu ziran bertsolari gazteak, laugarren kanporaketan. Aner Peritz Manterola izan zan onena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu