Talde lana izango da eredu barria Bertsozalen
2018-03-12 08:01 BertsolaritzeaIñaki Murua Euskal Herriko Bertsozaleko buruak eta Xabier Gaztelumendi idazkariak itxi egin ditue alkarteko betebeharrak.
Arrate Illaro, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoa izango ditu kide aurrerantzean Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko lehendakaritza taldeak, Iñaki Murua lehendakariaren eta Xabier Gaztelumendi idazkariaren lekua hartuz. Talde hau lehendik Bertsozale Alkartean dabilen zuzendaritzara batuko da.
Oraintsu izan da Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen Batzar Nagusia Iruñeko Kondestablearen Jauregian, lurraldeetako ganerako batzarren ondoren, holan azken asteotan izandako batzarren txandea zarratuz. Bazkideak ohiko Batzar Nagusiari heltzeko batu dira, danetara, 73 bazkide. Batzarra ohikoa bazan be, izanaz berezia izan da 2018ko Batzar Nagusia, izan be, hamarkada pasako bidearen ondoren, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozaleko lehendakariak eta Xabier Gaztelumendi idazkariak itxi egin ditue alkarteko betebeharrak; aurrerantzean, bertsolaritzea eta alkartearen lana hurretik jarraituko badabe be. Belaunaldi desbardinetako bertsolariez inguratuta agurtu dira eta ohorezko bazkide izentauta.
2002an hasi zan Xabier Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko zuzendaritza taldean borondatezko lanean, isilpeko lan horretan ekarpen bikaina eginez. Bestetik, Iñaki Murua Alkartearen sorreratik bertatik ibili da lanean eta 2005ean hartu eban lehendakari kargua, Imanol Lazkanoren eskutik. Alkartearen garapenerako, proiektuaren gizarteratzerako zein erakundeakaz izandako hartu-emonetarako giltzarri izan da bere jarduera.
Bertsolaritzearen egungo aniztasunagaz bat etorri eta ikuspegi ugariko lehendakaritza modua eskaini asmoz, talde arduran erantzungo jako aurrerantzean orain arte Iñaki Muruak eta Xabier Gaztelumendik betetako funtzinoei. Esangura horretan, alkartean ohikoa dan alkarlan eta ardurak banatzeko dinamikan, beste pausu bat da honakoa.
Bertsolaritza munduko kide erreferenteak dira guztiak, profil anitzekoak: Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoagaz batera, lehendik be zuzendaritza kide ziran Arrate Illaro eta Beñat Gaztelumendi izango dira lantalde barrian. Igaz, Bertsozale Alkartearen barruan lehendakaritza ereduari buruz egindako gogoeta prozesuan hautatutako kideak dira. Talde hau Bertsozale Alkarteak gaur arte izan dauen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunakaz, Lankuko zuzendariagaz eta lurraldeetako alkarteetako lehendakariakaz batera konpartiduko dabe Bertsozale Alkartearen gidaritzea.
Gogoeta estrategikoa, udagoienean
30 urte bete ditu Bertsozale Alkarteak 2017an. Bide emonkorra izan dau urteotan eta 2017a Txapelketa Nagusiak ardaztu badau bere, neurri eta era desbardineko egitasmo ugari gauzatu dira; horreek guztiak laburbatuz, 2017ko memoria eta balantze ekonomikoa zein 2018ko egitasmoa eta aurrekontua zehaztu dira.
2018an, bide beretik jarraituko dogu: bertsolaritzea plazan izango da eta ohikoak doguzan egitasmoak gauzatzea da asmoa. Kanpoan eragiten gabizen bitartean, garapen osasuntsu baterako beharrezkoa dan tartea hartuko dogu barrura begiratu eta norabideaz hausnartzeko. Etenbako gogoetan dabilen alkartea izanik be, 2006an 2018 urte bitarteko bide orria marraztu genduan moduan, aurtengo udagoienean, barruko gogoeta estrategikoa egingo da Bertsozale Alkartearen etorkizunerako lan jarduerak zehazteko.
Argazkiak: Alberto Elosegi – XDZ
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!