Ze Esatek! taldeak egin dau 2018ko Ibilaldiaren abestia

Bizkaie! 2018-03-12 07:57   Euskerea berbagai

Sustrai Colinak idatzi ditu berbak eta Bihotz Gaztea Ikastolako neska-mutilek hartu dabe parte bideoklipean.

Maiatzaren 27an egingo da 2018ko Ibilaldia, Santurtzin, bertako Bihotz Gaztea Ikastoleak antolatuta. Taup! lelopean egingo dabe jaia eta horixe da, hain zuzen be, abestiaren izenburua. Ze Esatek! talde ezaguna arduratu da abestia eta bideoklipa egiteaz. Talde horren ohiko erritmo biziak dakarz Ibilaldiaren kanteak, euskaltzale guztiak jaira joan daitezan.

Sustrai Colina bertsolariak idatzi ditu berbak eta Ze Esatek! taldeak doinuak; Bihotz Gaztea Ikastoleak Santurtzin dituan zuztar sendoak aitatzen ditu, baita talde-lana eta ilusinoa be. Bideoklipa sortzeko orduan, kolaborazino ugari izan ditue Ze Esatek! taldeko kideek: Batetik, Bihotz Gaztea Ikastolako ikasleak, gurasoak eta irakasleak agiri dira, koruak egiten eta jantzan. Bestetik, La Basu rap abeslari bilbotarrak eta Joane Larreak be parte hartu dabe.

Irudietan, zelan ez, Santurtzigaz lotura estua daben itsasoa eta itsasadarra dira protagonista, herriaren nortasun arrantzalea. Txalupa bat eta ikastolako ikasleek egindako olatuak dira gai nagusia. Juantxu Beloki eta Jone Novo izan dira bideokliparen errealizadoreak.

Taup! leloa barruko sentimenduei begiratzeko deia dala azaldu dabe Bihotz Gaztea Ikastolako arduradunek. Soinu horrek biziaren indarra ezin hobeto adierazoten dau, azpimarratu dabe. Arrazoi beragaitik, 2018ko Ibilaldiaren ikur nagusia bihotza da. Santurtziren sinbolo dan sardinea be agiri da logotipo horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu