Herri txiker zein handietan, bertsotan
2018-03-05 07:55 BertsolaritzeaBizkaian
Gazteen XXVI. BBK Sariketan, 3. kanporaketea jokatuko da gaur, Hego Uribe-Uribe Butroe taldeen artean; hitzordua: Bilbon, Deustuko Bidarte auzo etxean, goizeko 10:00etan. Orain arteko kanporaketatan Busturialdea eta Durangaldea izan dira irabazle. Saio bakotxeko irabazleak finalaurrekoetara pasauko dira: Lehenengoa martiaren 12an izango da, Durangon; bigarrena, 13an Sopelan. Finala, barriz, Bilboko BBK Salan jokatuko da martiaren 22an. Saio guztietara sartzea doban da.
Busturialdeko Bertsolaritza Txapelketeari jagokonez, Aritzako 3. eta azken kanporaketea Ander Elortegik irabazi eta gero erabagita geratu da Astran, hilaren 17an, jokatuko dan finala: Onintza Enbeita, Julen Erezuma, Ander Elortegi, Julen Ibargurengoitia, Eneko Aldana eta Mikel Retolaza.
Enkarterriko Bertsolari Txapelketan, ostera, Portugaleten jokatutako saioan, Ander Ucelay izan da enkarterri-ezkerralde-meatzaldeko txapelduna.
Beste alde batetik, Uribe Kostako txapelaren bila joateko 25 bertsolari trebe lehiatuko dira martiaren 9an, 16an eta 24an, Erandion, Algortan eta Sopelan, hurranez hurran.
Nafarroan, Bardoak
Nafarroako Bertsozale Alkartearen ekinbidez, Nafarroako taldekako bertso ekimeneko bigarren faseari ekin deutsie barikuan eta domekan. Sei talde sailkatu dira eta hurrengo asteburuan bueltako saioak izango ditue (Erratzun, Leitzan eta Lesakan). Hortik urtengo dabe martiaren 24an Lekunberrin jokatuko dan finalean egongo diran hiru taldeek.
Barikuan, saio bi izan zituen Bardoek; lehena Iruñeko Arrano alkartean, 50 bat lagunen aurrean, etxeko Topa bardo kopa! eta Baztan-Malerrekako Addams Familia taldeen artean; azkenean, Addams Familia sailkatu zan.
Berako Ibardin: Hiru ta lau zazpi dira eta Leitzako Aldatzea Komeni taldeek jokatu eben barikuko bigarrena; kasu honetan, Aldatzea Komeni taldea nagusitu zan.
Domekan, barriz, Aldatz-en, 70 bat lagun tartean zirala, Etxeko Larraun Da Araitz, Bi dozena eta Lesakako Unibertsolariak taldeak egon ziran oholtzan; azkenean, Unibertsolariak lesakarrak izan ziran nagusi.
Arabako Kuadrillen Arteko Txapelketea
Arabako Kuadrillen Arteko Txapelketan asteburu erabagigarria izan da. Zapatuan, hirugarren finalaurrekoa, fase honetako azken saioa, jokatu dabe Aramaioko Sastiñan 70 bat ikusle tartean zirala. Norgehiagokan Sumendi bete Poto eta Erreralekor Birizik! ibili ziran eta azkenean, Erreralekor Birizik! taldea sailkatu da Kuadrillarteko finalerako.
Jatordu txiki baten ostean, saioari hasierea emoteko Aramaioko Bertso Eskolako Meka taldearen bertso sortea entzun eben bertaratuek, Aramaio Arrasate eta Aretxabaletako bermudetako triangeluaren erdibideko Meka gasolindegiaren omenez.
Azkenean, epaimahaiak erabagita, Erreralekor taldeak jokatuko dau finala, Aramaioko Ibabeko Bertaren bilobak eta Arabar Errioxako Txandrio taldeakaz batera.
Finala, martiaren 17an jokatuko da Gasteizko alde zaharrean. Eguerdian, Gasteizko muinoan kokatu dagoan Landatxo kiroldegian hasita, idatzizko eta bat-bateko taldeak ibiliko dira tabernaz taberna. Bazkal ostean finala jokatuko da. Bazkarian izena emoteko deitu 675 70 79 71 edo idatzi ondoko helbidera: araba.sustapena@bertsozale.eus. Finalerako sarrerak bertan egongo dira salgai. Talde irabazleak Gasteizko finalerako txartela eskuratuko dau.
Sumendi bete poto taldean, kantuan Peru de Pedro, Ainhoa Aizpurua, Gorka Guerra, Beñat Garaio eta Julen Martiartu IMG ibili ziran. Erreralekor Birizik! taldean, barriz, Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal. Gai-jartzaile lanetan Oier Suarez Zalduondoarra ibili zan eta epaile lanetan, Manex Garaio Sumenditarra, Jon Hidalgo Erreraleortarra eta Arabako Bertsozale alkartetik Aitor Jimenez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!