Behargin publikoen % 71k euskeraz egin leikie lan

Bizkaie! 2018-02-28 10:56   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzeak egindako azterlanak euskera gaitasunen inguruko hainbat datu dakarz.

Legebiltzarrean egindako agerraldia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu ditu EAEko 38.039 lanpostu publikoren inguruan egindako hizkuntza-eskakizunen ganeko ikerketearen emoitzak zein V. Plangintzaldiaren Amaierako Ebaluazinoa. Sailburuak gogoratu dau hizkuntza-eskakizunak lanbide bakotxari jagokozan zereginen eta inguru soziolinguistikoaren arabera erabagiten dituela. 

Aztertutako 38.039 lanpostuetan hizkuntza-eskakizunak zelan banatzen diran ezagutzera emon dau: % 35,71n ez da derrigorrez hizkuntza-eskakizunik egiaztatu behar; % 5,95ean, B1 mailea eskatzen dabe; % 28,56an, B2 mailea; % 25,84an, C1 mailea; eta, azkenik, lanpostuen % 3,94k C2 mailea dabe eskakizunen artean. Horreek datuak kontuan hartuta, Zupiriak ziurtatu dau euskerea era batera edo bestera ezagutzen daben langileak % 71 dirala Euskal Autonomia Erkidegoko administrazinoan. 1990ean, barriz, % 23,5 zan kopurua.

EAEko erakundeek esleitutako hizkuntza-eskakizunen inguruko ikerketa bat eskatu eban Eusko Legebiltzarrak orain dela hainbat hilebete. Hori da azterlan honen jatorria, eta euskerea administrazinoan normalizetako 86/1997 Dekretuaren eraginpeko lanpostu guztiak sartu dira, 38.000 baino gehiago.

Lanpostu horreen artean dagoz, EAEko administrazino orokorraz gan, udal mankomunidade, koadrila, foru aldundi eta batzar nagusietako lanpostuak. Ez dira sartzen euskal sektore publikoko hainbat lanpostu (irakasleak, ertzainak, Osakidetzako medikuak, erizainak…); halandabe, horreek guztiak kontuan hartuta be, argazkia ez dala ia-ia aldatzen dino Jaurlaritzeak.

ikerketa honetan, besteak beste, baieztatu nahi izan da ze neurritan beteten daben administrazinoek lanpostu bakotxari jagokon hizkuntza-eskakizuna ezartea. Erespide hori gehienetan ondo bete dala dino Zupiriak: Baieztatu dogu sistemeak funtzionau dauela eta profilak ezarteko eskumena izan daben erakundeek zehaztasun handiz jokatu dabela. Beraz, gure autortzea egin behar deutsegu erakunde guztiei.

Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dira, bestetik, V. Plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan euskerearen erabilerea normalizetako plan nagusiaren Amaierako Ebaluazinoaren datuak. 2013ko abenduan onartu zan plan hau eta tarteko ebaluazino bat egin zan 2015ean; orain plangintzaldiaren bigarren partearen ebaluazinoa aurkeztu dau Zupiriak. Ebaluazinoaren arabera, 86/1997 Dekretuaren eraginpeko administrazinoko beharginen % 71k era bateko edo besteko hizkuntza gaitasuna dabe eta, beraz, neurri handiagoan edo txikiagoan, prest dagoz euskeraz be lan egiteko. Gazteen artean agirikoagoa da euskerearen ezagutzea eta erabilerea administrazinoan.

Herritarrei jagokenez, administrazinoagazko hartu-emonetan idatziz joten daben herritarren % 30ek euskeraz edo hizkuntza bietan egiten dabe hori; proportzinoa handiagoa da komunikazinoa ahoz bada. Ondorioztatu geinke euskal hiztunek euskerea erabilten dabela administrazinoko beharginakaz; beste edozein eremutan baino gehiago erabilten dabe eta, gehienek badakie administrazinoa euskeraz erantzuteko kapaz izango dala, adierazo dau Zupiriak.

Zer hobetua be badago, Jaurlaritzak agindutako txostenak agertu dauenez. Administrazinora idatziz jo daben hamar herritarretik batek erderaz jaso dau erantzuna. Ahozko hartu-emonetan, lauren batek ez dau euskerazko arretarik jasoten, holan eskatu arren.

Erakundeen arteko komunikazinoan, administrazino publikoen arteko hartu-emonetan euskerea eta erderea orekatuta dagoz. Administrazinoaren eta enpresa pribaduen artekoa, ostera, erderaz da batez be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu