Alex Txikon bihar, martiak 6, arratsaldeko 15:30ean, helduko da Loiuko aireportura

Bizkaie! 2018-02-28 13:06   Euskaldunak munduan

Everestetik bueltan, Alex Txikon lemoarrari eta bere taldeari Loiuko aireportuan egingo jake harrerea 15:30ean. 

 

Alex Txikon, Everesten | Ikusi handiago | Argazki originala

Eguraldiak ez deutso Alex Txikonen lantaldeari helburua beteten itxi eta Everesteko tontorra zapaldu barik egin beharko dabe etxerako bidea. Aurreko egunetako ahaleginak huts egin eta gero, Behe Kanpalekuan egon da Alex Txikon, aukerak aztertzen. Azkenean, espedizinoa amaitutzat jotea erabagi dau.

Hainbat arrazoi dagoz erabagi hori azaltzeko. Batetik, eguraldi aproposik ez dala aurreikusi martiaren erdialdera arte. Bestetik, baimenak gehiago luzatzea karua dala (20.000 euro aitatu ditue medio batzuek). Azkenik, lantaldea bera be ez dago osorik, Ali Sadpara eta Temba Katmandura bajatu diralako. Horreek biak oso kantsauta heldu ziran azken ahaleginetik, eta ezin dabe aurrera segidu.

Hartara, bigarren urtez, helburuak iges egin deutso Alex Txikoni. 2016an, Nanga Parbat neguan igon eban lehenengo mendizalea bihurtu eta gero (Ali Sadparagaz eta Simone Morogaz batera), Everesten jarri dau jopuntua hurrengo negu bietan, igaz eta aurten. Neguan eta oxigeno artifizial barik munduko mendirik altuenera igotea izan da helburua.

Abenduaren amaieran heldu zan Txikon Nepalera, eta han bat egin eban Ali Sadparagaz eta ganerako taldekideakaz. Hasieran bizkor ekipau eben bidea eta, girotzeko, Pumori igon eban Lemoako alpinisteak (tontor horren neguko bigarren igoerea historia guztian). Halandabe, Everesteko tontorrerako ahalegina egiteko momentua heldu danean, eguraldiak ez dau lagundu. Haize gogorrek ez deutse mendizaleei gora egiten itxi eta, eguraldi oneko tarte bat zabaldu zanean, orain dala egun batzuk, uste baino laburragoa izan zan.

Hortaz, Txikon eta beste kide batzuk Laugarren Kanpalekuaren inguruan egozala, ia 8.000 metrora, atzera egin behar izan eben, Behe Kanpalekuraino. Txikonen arabera, istripuak eta izozteak izateko arrisku larria euken aurrera segidu ezkero.

Alex Txikon eta beragaz dagozan sherpak Behe Kanpalekuko gauzak batzen dabiz. Antza danez, gaur bertan handik urteteko asmoa izan dabe, Katmandura joateko. Hurrengo urteetan abentura gehiagotan ibilteko gogoz dagoala dino Alex Txikonek, eta berenberegi aitatu dau Ali Sadparagaz barriro alkartzeko amesa. Izan be, Lemoakoak esan dauenez, espedizino guztian giro bikaina egon da taldekideen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu