Voltoire-ren 1620ko hiztegia sarean ipini dabe

Bizkaie! 2018-02-26 13:33   Euskerea berbagai

Euskerazko, gaztelaniazko eta frantsesezko berben zerrendak dakarz.

Voltoirek 1620an Lyon urian argitaratutako liburuaren ale bakarra dago gaur egun, Bordeleko liburutegian gordeta. Bilketa euskal funtsen atariak jaso eta Argia astekariak zabaldu dauenez, sarearen bidez aurrerantzean edonork ikusi ahal izango dau XVII. mendearen hasierako harribitxi hori, Lapurdiko kostaldean orain dala 400 urte berba egiten zan euskerearen lekuko. Loturea, hemen.

Liburuaren inguruko datu askorik ez dago. Autorea, Voltoire gaskoia, hizkuntza, aritmetika eta idazkera irakaslea izan zan eta merkataritzan ibili izana be ez da baztertzekoa. Hain zuzen be, merkataritza arloko hartu-emonak errazteko sortu eban frantsezko, gaztelaniazko eta euskerazko hiztegi eta gida-liburua. Beste liburu bat gitxienez argitaratu eban, 1607an, frantsesez eta gaskoieraz.

Sarean ipini daben beste hau, ostera, 1620koa da. Frantsesez eta euskeraz emoten dau berba-zerrenda luze bat, baita esamolde, adberbio, ezaugarri gramatikal eta esaldi laburren beste zerrenda bat be, kasu horretan gaztelaniaz, frantsesez eta euskeraz. Horrezaz gan, euskerazko esaera zahar batzuk be badakarz.

Liburuaren izenburua honako hau da: L’interprect ou Traduction du François Espagnol & Basque. Liburuan bertan dakar Lyongo A. Rovyer, Erregearen inprimatzailearenean argitaratu ebala, 1620an. 280 orrialdeko lana da. 1642an barriro argitaratu eben, Baionan, Tresora hirour lenguaietaqua, francesca, espagnola, eta hasquara izenburupean.

Adituen arabera, Voltoire Donibane Lohizune eta Ziburuko hizkeretan oinarritu zan liburua egiteko, itsasoko merkataritzearen eta arrantzearen gune garrantzitsua zalako XVII. mendean. Ganera, Voltoirek berak liburuaren sarreran zehaztu eban han berba egiten zala euskeraz ondoen, Donibane Lohizuneko euskereak sasoi haretan euskaldunen artean eukan ospearen seinale. Orduko Lapurdiko kostaldeko euskerearen ezaugarriak ezagutzeko aproposa da Voltoire-ren lana.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu