Behe Kanpalekuan bueltan da Alex Txikon

Bizkaie! 2018-02-26 08:37   Euskaldunak munduan

Tontorrera heltzeko ahalegina asteburuan egitekoa zan, baina eguraldiak txarrera egin dau.

Argazkiak: Alex Txikon | Ikusi handiago | Argazki originala

Ezusteko aldaketea izan dau eguraldiak egunotan Himalaia aldean eta horrek Alex Txikonen planei eragin deutse. Hasieran, eguraldi oneko tarte bat egongo zalakoan, asteburu honetan bertan abiatu dira Txikon eta taldekideak Everesteko tontorrera. Behe Kanpalekutik urtenda, pausuz pausu heldu dira Laugarren Kanpalekuraino, baina han beherantz egitea erabagi dabe. Eguraldiaren iragarpena goitik behera aldatu da, batez be haizearena: 100 km/h-ko haizeteak egongo dirala esan dabe meteorologoek eta horrek espedizinoko kideak arrisku handian ipiniko zituan tontorrerako bidea hartu ezkero, Txikonek berak Himalaiatik azaldu dauenez. Hortaz, bueltea emon eta barriro Behe Kanpalekura bajatzea erabagi dabe.

Alex Txikonen arabera, erabagi gogorra izan da, baina pozik dago, taldeko inork ez dauelako izozterik izan eta danak dagozalako ondo. Orain, Behe Kanpalekuan dagoz, indarrak berreskuratzen eta egoerea aztertzen. Hurrengo egunetan erabagiko dabe zer egin: Barriro ahalegindu ala etxerako bidea hartu. Baimen kontuak dirala eta, beste ahalegin bat egitea gatxa izango da, hilaren amaierara arteko epea baino ez dabelako.

Batzuetan bizitzeak erabagi latzen aurrean kokatzen gaitu, ganera une batetik bestera hartu beharrekoak, baina gerora geure eta talde guztiaren bizitzan zehar eskertuko doguzanak, adierazo dau Lemoako mendizaleak Behe Kanpalekura heldu danean. Egunotako lana nekeza izan dala dino, baina gustora dagozala. Halandabe, Everest neguan igoteko aukerea urrundu egin jako Txikoni.

Bigarren Kanpalekuan Txikonek ateratako argazkia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu