Euskerearen erabilerea suspertzeko plana abian EHUn

Bizkaie! 2018-02-23 11:37   Euskerea berbagai

Aktibatu programan parte hartzeko hainbat fakultade aukeratu ditue.

Unibersidade ikasketak egiterako orduan, gero eta gehiago dira euskerea aukeratzen daben ikasleak. Halandabe, EHUko arduradunek adierazo dabenez, errealidadea ez da larrosa kolorekoa, gazte askok euskerea eskoleagaz lotzen dabe eta dinoenez, handik kanpo ez dabe pentsau be egiten hizkuntza hau erabiltea. Egoera hori iraultzeko asmoz, Aktibatu programea jarri dau martxan Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arloko Errektoreordetzeak. Fakultade honeetan abiarazoko dabe ekimena: Farmazian, Hezkuntza eta Kirolean, Informatikan, Filosofia eta Antropologian, Gizarte eta Komunikazino Zientzietan eta Hezkuntzan.

Fakultade horreen guztien helburuak izango dira ikasleak aktibau eta administrazino eta zerbitzuetako langileak eta irakasle-ikertzaileak trebatzea be, euren eguneroko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatu eta euskeraz egin deien ulertzen daben guztiakaz.

Jakina da hainbat gazte eta langilek aukera gitxi dituela ikastetxetik edo lanetik kanpo euskerea erabilteko., batzuetan ez dabelako euskaldun askorik inguruan eta, beste batzuetan, inguruko euskal hiztunek erderea hobeto dakielako.

Ganera, gaztelaniak dauen hiztun kopuru handiagaitik zein  gizarte mailan dauen prestigio handiagaitik, edota ohitureagaitik nabarmentzekoa da, ikasle eta langile euskaldunek gaztelaniara pasetako daben jokerea. Egoereari bueltea emoteko asmoagaz, Aktibatu dinamikeak helburu honeek izango ditu: hizkuntza ohiturak aldatu, euskal hiztun aktiboak sortu, praktika eraginkorrak identifikau eta ikastegietako eremu informaletan euskerearen presentzia eta erabilerea handitu.

Bestalde, Aktibatu programearen barruan, Eusle metodologia modu zabalean ezagutarazoko da EHUko hiru campusetan hurrengo egunetan. Unibersidadeko eremu guztietan euskerearen presentzia eta erabilerea handitzeko testuinguru egokiak sortu nahi dira, eta horreek sortzeko hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak bultzatu behar dira. Eusle metodologia horretarako tresna egokia dala frogatu dabe hainbat ikerketek.

Metodologiaren lehenengo aurkezpena datorren astelehenean izango da Leioan, hilaren 26an, 12:00etan, Bilboko Hezkuntza Fakultadeko Juliana Agirrezabala aretoan. Martiaren 1ean, barriz, Gipuzkoako Informatika Fakultadean egingo dabe 12:00etan eta 13an, Arabako Hezkuntza eta Kirol Fakultadean, k2M mintegian 12:00etan.

Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arloko errektoreorde Jon Zarateren arabera, euskerearen garapen eta hazkunde iraunkorra bermatu behar doguz, bizikidetzea lortu nahian ekidadea oinarri izanik. Hizkuntza eskubideak babesten doguzan neurrian kohesino sozialari mesede egiten gabiz, euskal hiztunek erdal hiztunen aukerak izan deiezan.

Hainbat ekintza abiarazoko ditue asmo hori gauzatzeko: euskeraz matrikuletako kanpainea azoketara eroan; ikasle, irakasle eta administrazino eta zerbitzuetako langileei euskerea suspertzeko ekimen hau aurkeztu eta plangintzan lagunduko dauen sarea sortu: prestakuntza espezifikoa jaso daben kideek ikastegiko euskera batzordeari lagunduko deutsien plangintzea garatzen eta euskerearen zirkuituak sortu.

Horrezaz gan, Lehen Hezkuntzako graduan, Gozatu euskeraz unibersidadean jarduera didaktikoa garatuko da. Youtuberrak sortzea da helburua; hau da, ikasleak youtuberrak izango dira, eta hor hizkuntza jarrerak zer diran, egindako azterketetatik ateratako ondorioak eta euren bizi-eskarmentua unibersidadean hizkuntzeari jagokonez azalduko dabe.

Amaitzeko, 2018an zehar, EHUskaralari deialdiaren bitartez, euskerearen erabilerearen igoeran eragiteko helburua daben ekimenen zehaztasun eta gakoak ezagutzeaz gan, dagoeneko aktibazino dinamikak egin dituenen esperientzia be partekatuko da.

Zaratek ganeratu dauenez, ezagutzearen ikuspuntutik gehiengo euskalduna izanik, erabilera komunidadeak sortu eta euskerearen erabilerea zeharo handitzea izan behar da Euskal Herriko Unibersidadearen helburua. Euskerearen etorkizuna jokoan dago eta gagozan bidekurutzean biderik zuzenena aukeratu behar dogu alkarlanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu