Euskaraldian parte hartu deien animau ditue herriak
2018-02-21 13:25 Euskerea berbagaiApirilaren 8ra arte emon leiteke izena.
Euskaraldia 11 egun euskeraz ekimenean izena emoteko epea zabalik dago herrientzat. Euskerearen aktibazinorako egitasmo barritzaile horren lehen izen-emote fasea aurkezteko, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean batu dira antolatzaileak eta Euskaraldia babesten daben erakundeetako ordezkariak.
Arrate Illaro, Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzaileagaz eta Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeagaz batera, dagoeneko izena emon eta Euskaraldia preparetan dabizan herri bitako ordezkariak egon dira Donostiako agerraldian: Sonia Rodriguez, Arrigorriagako Udaleko euskera zinegotzia, Karmelo Ayesta, Arrigorriagako Euskarak 365 Egun batzordeko kidea, Nekane Iribar, Zarauzko Udaleko euskera zinegotzia eta Maite Egiguren euskaltzalea. Ekitaldian izan dira, ganera, Euskarabideako Mikel Arregi, UEMAko Josu Labaka eta EUDELeko Aitor Aldasoro.
Euskaraldiaren barri emon zanetik, egitasmoa herrietan aurkeztu eta lanari ekin ahal izateko batzordeak sortzen dabiz. Batzordeak alkarlanetik loratutakoak dira, izan be, erakunde publikoak, euskalgintzako eragileak zein bestelako entidadeak alkarregaz lanean dabiz. Apirilaren 8a baino lehen herriek izena emon behar dabe, baina ez da beharrezkoa batzordea sortuta egotea apuntau ahal izateko.
Herririk herri batzordeak sortzen eta antolatzen hasiak dirala nabarmendu dau Miren Dobaranek. Batzordeon ezaugarri bi nabarmendu ditu sailburuordeak: aktibazino sozialerako proposamena garatzen dabizala eta tokian tokiko eragile publikoen eta gizarte eragileen arteko alkarlanerako eremua sortu dabela. Batzordeen egiteko garrantzitsuetako bat Euskaraldia leku bakotxeko egoera soziolinguistikora egokitzea da eta, bide horretan, UEMAk herri euskaldunetan egindakoa eredugarria dala aitatu dabe.
Mankomunidadean batzen diran herri guztiei Euskaraldian parte hartzeko deia egin deutse UEMAko lehendakari Josu Labakak. Hizkuntza ohituretan eragiteko eta ohiturak aldatzeko ekimen garrantzitsua izango dala azpimarratu dau.
Bestetik, Zarautzen, Udalak eta hainbat euskaltzalek alkarlanean abiatutako prozesu parte hartzaile baten ondorioetako bat izan da Euskaraldiaren antolaketarako eratutako gunea. Zarauzko ordezkariek Donostian azaldu dabenez, batera lan egiteko beharretik eta euskerearen erabileran eragiteko kezkatik sortu da herriko dinamikea.
Arrigorriagakoek be euren esperientziaren barri emon dabe. Azken urte biotan egindako aktibazino ekimenari jarraipena emongo deutso Euskaraldiak. Holan azaldu dabe eratu barri dan Euskarak 365 Egun batzordeko kideek eta herriko euskera zinegotziak. Orain arte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herriak dagoz izena emondakoen artean, baina Ipar Euskal Herrian be Euskaraldiagaz bat egiteko dinamikea martxan dago.
Arrate Illarok Euskaraldia antolatzeko urratsak zeintzuk diran azaldu dau:
- Apirilaren 8ra arte, herrien izen-emotea.
- Martiaren 14an, Nafarroan aurkeztuko dabe Euskaraldia.
- Martiaren 17an, Ipar Euskal Herrian aurkeztuko da, eta batzordeen mintegia egingo dabe Bilbon.
- Irailaren 20an, herritarren izen-emotea hasiko da.
- Euskaraldia bera, zemendiaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!