'The Florida Project'

Karolina Almagia 2018-02-21 12:54   Zinema kritikak

Sean Baker-ek estilo zuzena eta dokumental itxurea ardatz hartuta, umeen unibersoa filmau dau.

- Zuzendaria: Sean Baker.

- Gidoilariak: Sean Baker, Chris Bergoch.

- Aktoreak: Willem Dafoe, Brooklyn Prince, Bria Vinaite, Caleb Landry Jones, Mela Murder, Valeria Cotto.
- Herrialdea: Estadu Batuak.

- Iraupena: 155 minutu.

- Generoa: Dramea.

- Balorazinoa: 4/5
 
Disney World-eko inguruetan motel merkeak dagoz eta bertan, parke tematikoaren langileak eta desegituratutako familia txiro batzuk bizi dira. Familia horreen seme-alabak ez dira oporretan joaten, ez dabe gozetan Disney parkeko jolasetan, ezta lujozko hoteletan edota jatetxe tematikoetan be, nahiz eta oso hur izan. Eremu hori debekatuta dabe, sarrerea bertan dago, baina ezin da barrura sartu. Halandabe, udea da eta umeek ahal dan moduan pasetan dabe eguna: korrika, olgetan, gaiztokeriak egiten eta jakin barik euren bizitzak arriskuan jarten dituela. Adin txikiko basatiak dira, helduen kontrola oso eskasa edo hutsa dalako.

Sean Baker-ek estilo zuzena eta dokumental itxurea ardatz hartuta, umeen unibersoa filmau dau, kamareak umeak jarraitzen ditu gora eta behera. Ez da gauza handirik jazoten, edo bai, baina ez fikzinozko film baten moduan, bizitzan bertan jazoten diran erritmoan baino.

Erretratu kostunbrista antzeko bat egiten dauen bitartean, gizartearen hainbat alde ilun islatzen ditu, beti be personaien minaz eta sufrimenduaz gozau barik. Amaiera tragiko batera bideratzen garela emoten dauenean, Baker-ek odol barik amaitzeko gogoz, azken eszena biribil bat oparitzen deusku, dana laburtzen dauena: mugak gainditzeko beharra, adiskidetasunaren eskutik askatasunerantz..

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu