'Argibideak argi-bideen kontra' jarri ditu Guda Dantzak
2018-02-20 12:09 MusikeaUribe Kostakoen hirugarren diskoa da Argibideak (Baga Biga).
Sistemeak ezarten dituan baldintzak aztertu eta horreen kontrako aldarria dakar Guda Dantza taldeak bere hirugarren diskoan. Disko kontzeptuala da, zer adierazo nahi daben garbi daukie: Sistemearen inposizinoz dagozan argibideak eta hareen ondorioak jorratu dituela dino Alain Beraza abeslariak. Kritikaz beteta dago, oso disko kontzientea da hau.
Izenburua, Argibideak, salatu nahi dabenaren erakusgarri da. Argibideak izan leitekez zeozer egiteko jarraibide edo azalpenak, eta hori sistemeak ezarten dituan baldintzakaz lotu dau Guda Dantzak. Baina argibideak izan leitekez argiaren bideak be. Kontzeptu biak dagoz diskoan, azken baten, sistemeak inposau egiten ditu gauza asko, baina danok dogu gizatasuna barruan, azaldu dau Berazak. Hortaz, argibideak argi-bideen kontra, horixe da euren hirugarren lanak dakarrena, taldekideen esanetan.
Musikeari jagokonez, orain arteko ska doinuei eutsi deutsie, baina beste estilo batzukaz nahastau dabe. Jon Maguregi gitarra joleak azaldu dauenez, ska da oinarria, baina badagoz cumbia, elektronikea eta abar. Nobedadea da eurentzat musika elektronikoa erabili izana, baina Maguregiren esanetan, hori ez da diskoaren bereizgarri nagusia, dauen aniztasuna baino. 2012tik dabil Guda Dantza martxan, eta oraingo honetan soinu biribilagoa lortu dabelakoan dagoz.
Disko hau oso entzungarria da, jantzarako aproposa, adierazo dau Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunak Bilbon egindako aurkezpenean. Beragaz batera egon dira Guda Dantzako hiru kide: Alain Beraza, Jon Maguregi eta Ander Basañez. Taldekideak dira, era berean, Xabi Torralba, Iker Maguregi, Joseba Aparicio eta Koldo Manterola.
Ganera, Argibideak diskorako, goi mailako lau kolaboratzaile izan ditue. Alain Berazak azaldu dauenez, horreetako bi lehendik be ezagutzen izan ditue: Luisillo Kalandraka (Vendetta) eta Iker Villa (Revolta Permanent). Beste biakaz lehenengo alkarlana izan dabe. Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri) eta Sorkun dira. Lau artista itzel, Berazaren esanetan. Grabazinoa eta masterizazinoa Haritz Harreguy teknikariaren estudioan egin dabe. Diseinua, ostera, Lubaki Grafik Factory-ko Unai Bergarak egin dau.
Argibideak diskoko hamaika abestiak aurkezteko zuzeneko kontzertuak joteko asmoa dau Guda Dantzak. Lehenengo hitzordua lotuta daukie: Martiaren 9an Bilboko Stage Live aretoan izango dira, Stai Zitto taldeagaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!