Ama hizkuntzearen oihartzuna, Bilboko Rekalde Aretoan
2018-02-20 09:50 Euskerea berbagaiHainbat jatorritako lagunak alkartuko dira gaur ekitaldi berezian.
Zezeilaren 21a Ama Hizkuntzearen Nazinoarteko Eguna danez, ekitaldi berezia antolatu dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unesco Etxeak bezperan, hau da, gaur, martitzena. Bilboko Rekalde Aretoan da hitzordua, 17:00etan. Ama hizkuntza desbardinak dituen persona ugari gonbidau ditue bertara, bakotxa jatorri batekoa da baina danak Bizkaian bizi dira. Ganera, euskerea ikasi dabe guztiek.
Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputadua izango da ekitaldian buru. Foru Aldundiaren beste ordezkari batzuk, Arantza Acha Unesco Etxea zentroko zuzendaria, Euskara Bizia batzordeko kideak eta euskerea ikasteko urratsa egin daben hainbat lagun be han izango dira, ama hizkuntzei buruz gogoetea egiteko asmoz. Entzun ahal izango diran lekukotasunak askotarikoak dira, baina danek dabe gauza bat bardina: euskerea ikasi daben etorkinak dira.
Bizkaian 115 herrialdetatik etorritako personak bizi dira, eta kalkulau da 200 ama hizkuntza baino gehiago berba egiten dirala. Rekalde Aretoko topaketan aztergai izango da bakotxak zelan bizi dauen bere ama hizkuntzea, zerk bultzatu dituan euskerea ikastera eta beste hainbat gai.
Foru Aldundiak ondokoa adierazo dau: Euskerearen ezagutzea eta erabilerea helburu izanda be, ezin deutsegu beste hizkuntzei lepoa emon. Bizkaia berton bizi garen guztion artean osotuten dogu eta, gizarte elebiduna eta kohesionadua gura izan ezkero, ezagutu egin behar dogu zein dan hiztun horreen abiapuntuko hizkuntza-errealidadea eta euskerara hurreratu daitezan gonbidau behar doguz.
Parte hartuko dabenen artean dago Ishaq Akhond, jatorriz Nepalgoa eta 2012. urtean Zornotzara heldutakoa, gaur egun euskeraz dakiana. Man Kwan Chen txinatarra da, eta orain dala hogei urte Bilbora etorri zanean gure hizkuntzea ikasten animau zan. Argentinako Fede Steindl Soterako arraunlaria da, eta euskerea ikastea erabagi eban. Amaitzeko, orain Arrigorriagan bizi dan Teresa Campos jaendarra egongo da; orain dala hamalau urte heldu zan Bizkaira, eta dagoeneko euskeraz ederto daki.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!