Errenazimenduko izenen araua argitaratu dau Euskaltzaindiak
2018-02-20 08:29 Euskerea berbagaiAbenduan onartu eban Akademiak eta orain on-line dago.
Euskaltzaindiaren 185. Araua onartu eta argitaratu dau Euskaltzaindiak, Errenazimendu sasoiko persona-izenei jagokena hain zuzen. Bertan, sasoi historiko haretako zientzialari, agintari, artista, iraultzaile eta bestelakoen izenak euskeraz zelan idatzi jasoten da. Batez be, XV. eta XVI. mendeari begiratu deutso Akademiak, hurrengo mende bietako izen batzuk be badagozan arren. 2017ko abenduaren 22ko batzarrean onartu eben araua eta orain emon dabe horren barri.
Arauak zati bi ditu. Lehenengoan, argibideak emoten dira, Errenazimenduko izenak euskeraz idazteko ze erespide segidu diran jakin daien erabiltzaileek. Euskaltzaindiak dinoanez, latina zan orduko prestigiodun hizkuntzea eta persona ospetsuen izenak horretara egokitzen ziran sarri. Ondoren, hizkuntza bakotxak latinetik bere grafiara egokitzen eban.
Holan sortu zan, esaterako, Jehan Cauvin eleizgizon frantsesaren bersino latindarra, Ioannes Calvinus eta, ondoren, hizkuntza bakotxak bere formea sortu eban (ingelesez John Calvin, italieraz Giovanni Calvino...). Halakoetan, euskerara egokitu behar da grafia, kasu honetan, Joan Kalbino. Ostera, izena beste hizkuntza batzuetara egokitu ez bada eta forma bakarra badau, euskerarako be hori errespetau da.
Arauaren bigarren atalean, Errenazimenduko persona ospetsuen izenen zerrendea agiri da, euskeraz zelan idatzi jakiteko. Kristobal Kolon, Leonardo da Vinci, Martin Lutero, Fernando Magallaes, Nikolas Koperniko, Michelangelo, Nikolas Makiavelo… Danetara, 58 persona-izen, ia-ia guztiak gizonezkoenak. Gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko itzulpenak be emoten ditu Euskaltzaindiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!