Busturialdeko Txapelketan 18 bertsolarik parte hartuko dabe
2018-02-16 12:42 BertsolaritzeaHiru kanporaketa eta finala jokatuko ditue.
Udabarrian hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo fasea eta horren aurretik giroa berotzen hasteko, Busturialdeko bertsolariek eskualdeko txapelketea antolatu dabe. Gaur, barikua, hasiko da Arratzuko Belendiz auzoko txokoan. Ondoren, beste bi kanporaketa jokatuko dira eta finala Gernikako Astra gunean izango da, martiaren 17an.
Bizkaiko txapelketara sailkatzeko fase legez, sarritan antolatu izan dabe Busturialdeko Txapelketea, baina honako hau Bizkaikotik aparteko bigarren edizinoa izango da (2015ean izan zan lehenengoa). Eskualdean bertsotarako giroa zabaltzea eta bertako bertsolaritzea oinarritik bultzatzea dira helburuak. Ganera, udabarrian Bizkaiko Txapelketan hasiko diranentzako prestakuntza ona izan leiteke.
Belendizko saioan, Enare Muniategi, Gurutz Uruburu, Eneko Aldana, Onintza Enbeita, Beñat Bilbao eta Mikel Retolaza egongo dira oholtzan. Bertso-afari formatuan jokatuko da saioa, 21:00etan hasita.
Hurrengo kanporaketea, barriz, hilaren 23an izango da, Errigoitin; Julen Erezuma, Nagore Beitia, Lurdes Ondaro, Koldo Gezuraga, Unai Agirre eta Julen Ibarguengoitia ibiliko dira kantuan. Azken kanporaketea Muxikan jokatuko da, martiaren 2an, eta honeek egongo dira bertan: Ander Elortegi, Ibai Amillategi, Asier Galarza, Iker Uriarte, Aitor Etxebarriazarraga eta Jon Arano.
Finala Gernikako Astra gunean antolatuko dabe, martiaren 17an. Giro informaleko saioa egitea da asmoa, gai sakonagoak eta presinoa beste era bateko txapelketetarako itxita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!