'Sestaoko toponimia' liburua sarean jarri dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2018-02-15 11:41   Euskerea berbagai

Oraintsu aurkeztutako Amiküze (h)eskualdeko eskuara be interneten dago.

Euskerearen historia eta bilakabidea jorratzen dituen liburu bi sarean ipintea erabagi dau Euskaltzaindiak, interesa daben guztiek erraz konsultau deiezan. Biak euskerearen eta hizkuntzearen inguruko lanak diran arren, ikuspegi geografikotik Euskal Herriko mutur banatako datuak dakarrez: Sestaokoak eta Amiküzekoak hain zuzen.

Jorge Luis Tejedor ikerlariak Sestao herriaren bilakaera historikoa ezagutzeko ekarpen preziatua egin eban Sestaoko toponimia lanean, Euskaltzaindiak azpimarratu dauenez. Igaz argitaratu eban. Udalerriko toponimoak (auzoak, ibaiak, lekuak, eleizak, etxeak, baserriak, moilak eta abar) aurkezten deuskuz bertan. Erregistro bakotxaren azterketeak testuinguru historikoa eta metalinguistikoa agertzen ditu. Sestaon antxina izandako izen batzuk berreskuratu eta han inguruan euskerazko leku-izen ugari egon zirala dakar liburuak.

Herriaren bilakaera historikoaren ezagutzarako ez eze, Sestaoko izen propioen katalogoa be balio handikoa da bai filologiari, bai historiari jagokenez be. Irakurri liburuaren bersino elektronikoa hemen.

Amiküze (h)eskualdeko euskara, ostera, Iñaki Caminok idatzi eta 2017aren amaieran argitaratu eben. Nafarroa Behereko ipar-iparrean dago Amiküze eta hango euskereak atzeraldi nabarmena izan dau azkenaldion. Hartara, Caminok hango hizkerea jaso eta aztertu dau. Amiküzeko eta ondoko ibarretako herrietara jo dau egileak, eta grabazino luzeak egin ditu: 49 herritan ibili da, edadeko euskaldunen etxeetan. Ganera, eskualdeko euskal testu historikoak be aztertu ditu.

Liburuaren amaieran, interes handiko etnotestu luzeak agiri dira, azken urteetan Amiküzeko hamabost herritan batutako istorioak eta handik hurreko Zuberoako bost herritakoak. Donapaleu eta Maule bitarteko ardatz geografiko-ekonomikoan hizkuntzea zelan garatu dan erakusten dau azken zati horrek. Irakurri hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu