Helduen bertso-eskoletarako ikastaroak aukeran
2018-02-15 08:29 BertsolaritzeaBertsozale Alkarteak berbaldi ugari atondu ditu: Kantaerea, rapa, umorea...
Helduen bertso-eskoletan lantzeko ikastaro edo berbaldi sorta zabala preparau dau Bertsozale Alkarteak 2018rako. Interes handieneko eskoletarako eskaria egin eta hitzordua jarri baino ez da egin behar. Saioak ordu eta erdi eta ordu bi bitartekoak izango dira eta ikastaro bakotxa aditu batek emongo dau. Prezioaren erdia Bertsozale Alkarteak pagauko dau eta beste erdia, bertso-eskoleak.
Gaur egungo bertsolaritzan interesekoak izan leitekezan gaiak batzen ahalegindu dira ikastaroen eskaintzea atontzeko orduan. Oraingoz, bost dagoz, baina bertso-eskolek proposamenak egin leikiez, eskaintzan agiri ez dan beste gairen bat landu nahi izan ezkero. Argibide, iradokizun eta izen-emoteetarako helbidea transmisioa@bertsozale.eus da.
Odei Barrosok emongo dau ikastaro horreetako bat, raparen ingurukoa eta berbaldi formatua izango dau. Rap estiloak Euskal Herrian egin dauen ibilbidea, gaur egungo egoerea eta abar azalduko ditu, baita rap kopla bat egiteko argibideak emon be. Zeregin horretarako aproposa da Barroso, bertsolaria izateaz gan, rap abeslaria be badalako 2zio taldean.
Beste ikastaro bat bertso doinuen eta kantakeren ingurukoa da; Eñaut Agirreren gidaritzapean, bertsolaritzan abesteko moduak daukan garrantzia aztertuko dabe, doinuen funtzinoa ezagutu eta bestelako gai batzuk. Ganera, lehengo eta oraingo abesteko moduak alderatuko ditue.
Ane Labakak, ostera, bertsolaritzako umorea jorratuko dau, genero ikuspuntua oinarri hartuta, U-morez, bertsolaritzan garatutako umorea(k) genero ikuspegitik izenburuak azaltzen dauen legez. Hain zuzen be, ikuspegi feministea gero eta sartuago dago bertsolaritzearen munduan eta Labakak aztertuko dau oholtzako umorean be aldaketa hori igarri ete dan.
Amaitzeko, gai-jartzailetzearen eta bertsoak epaitzearen inguruko ikastaro bana emongo dabe Maite Berriozabalek eta Iñaki Aurrekoetxeak. Bertsolaritzan ezinbesteko bihurtu dira gai-jartzailea eta epailea, batez be txapelketetan, baina euren zeregina zein dan ez dogu ezagutzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!