Bizimodu baten lekukotzea
2018-02-14 12:45 KultureaAgricultura en Vasconia liburua aurkeztu dau Labayru Fundazinoak.
Herri jakintzearen, gizarte tradizionalean belaunaldiz belaunaldi pasautako bizimoduaren lekukotzea batzea da Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren helburua. Bilduma horren zortzigarren liburua, nekazaritzeari eskainitakoa, aurkeztu dau Labayru Fundazinoak Bilboko BBK Salan. Mila orriko lan mardul horri esker, XX. mendera arte euskal lurraldeetan nekazaritzarako erabili diran teknikak eta gorde dan jakintzea zehaztasun handiz ezagutu leitekez.
Ander Manterola, Atlas Etnografikoko zuzendariak aurkezpenean adierazo dauenez, liburu batzuk ikusteko dira, beste batzuk irakurteko, beste batzuk ikasteko eta, azkenik, batzuk jakiteko dira. Atlaseko liburuak azken klase horretakoak dirala azpimarratu dau, herriaren jakintzea batzen dabelako. Agricultura en Vasconia argitalpenean, lurra zelan landu, zelan jagon eta abar azaltzen da, herririk herri jasotako lekukotzen bidez. Hori jakinduria da, dino Manterolak.
Erredakzino lantaldeko kide Luis Manuel Peñak azaldu dauenez, Euskal Herrian nekazaritzea bizimodu bat izan da, jarduera ekonomiko hutsa baino gehiago. Gizarte antolamenduaren oinarri-oinarrizko atala izan da oraintsu arte nekazaritza tradizionala. Horregaz lotutako datuak 58 herritan hartu ditue: Arabako 13, Bizkaiko beste 13, Guipuzkoako 7, Nafarroako 20 eta Iparraldeko 5.
Alkarlanean bete dabe zeregin hori, euskal lurralde bakotxeko Etniker taldeen bidez. Joxemiel Barandiaranek sortu zituan Etniker taldeak eta 1960ko hamarkadearen amaieratik dabiz herririk herri etnografiagaz eta bizitza tradizionalagaz lotutako informazinoa batzen. Orain aurkeztutako ale hau idazten, sei-zazpi lagun ibili dira, baina Ander Manterolak azpimarratu dauenez, 40 bat lagunen datuak erabili ditue.
Jakintza hori guztia ez galtzeko ahalegina da, azaldu dau Luis Manuel Peñak, izan be, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak ganeratu dauenez, desagertzen doan mundu baten barri emoten dau Agricultura en Vasconia-k. Bittor Oroz Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, ostera, etorkizun argiagoa ikusten dau: Globalizazinoak produktu guztiak bardintzen dituan sasoian, aurrekoek zer egiten eben ikusi behar dogu. Era horretara, euskal nekazaritza modernoko produktuak be berezituak izango dirala uste dau Orozek.
Hain zuzen be, era honetako jakintzea zabaltzeko beharra ikusi dau sailburuak, nekazaritzearen arloko kulturea sarri ahaztu egiten dogulako. Argitaratu barri dan liburuak lurragaz lotzen gaituala ganeratu dau.
Eusko Jaurlaritzeagaz eta BBK Fundazinoagaz batera, Bizkaiko Foru Aldundia Atlas Etnografikoaren bildumearen babeslea da eta, erakunde horren izenean, Lorea Bilbao Kultura diputaduak goratu egin dau proiektuaren asmoa. Joxemiel Barandiaranek hasitako bidearen oinordekotzat jo dau Bilbaok Etniker taldekoen lana. Gure iragana ulertzeko ahaleginari ekin eutsan Barandiaranek, eta Atlasak be bide horri eutsi deutsola dino.
Agricultura en Vasconia mila orrialde eta 400 ilustrazino baino gehiagoko argitalpen monografikoa da. Atlas Etnografikoa bildumako zortzigarren liburukia da, aurreko aleak be bizimodu tradizionalaren inguruko lanak izan dira. Esaterako, lehenengoa 1990ean argitaratu eben, etxeko elikadurearen gaia jorratzeko. Zazpigarrena, Etxea eta familia, 2011koa da, orain zortzigarrena kalean dago eta beharbada ale gehiago etorriko dira etorkizunean.
Azterlan horrek guztiak, papelean ez eze, interneten egotea be beharrezkotzat jo dau Bingen Zupiria sailburuak, eta Atlas Etnografikoa sarean jarteko aukerea aztertzen dabizala azaldu dau. Adolfo Arejita, Labayru Fundazinoko zuzendariak dinoanez, material hori guztia sareratzeak abantaila ugari izango leukez: Batetik, zabalkundea eta, bestetik, edukia euskerara eta beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukerea be aitatu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!