Arabako Dominea emongo deutsie Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari
2018-02-14 08:24 KultureaSan Prudentzio egunean izango da ekitaldia.
Mende oso baten zehar Arabaren eta Euskal Herriaren hizkuntza, gizarte eta kultura ondarea sustatzen egindako ibilbideagaitik sarituko ditu Arabako Foru Aldundiak Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza. Hain zuzen be, erakunde horreek biak sortu ziraneko mendeurrenean emongo deutsie Arabako Dominea. Asteon bete dira ehun urte Eusko Ikaskuntzak Oñatin lehenengo batzarra egin ebanetik. Batzar horretan dago, era berean, Euskaltzaindia izango zanaren abiapuntua.
Arabako Batzar Nagusietan onartu dabe dominea Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzeari emotea. Araban emoten daben saririk garrantzitsuena dan horren bidez, erakunde bien lan itzel eta goresgarria nabarmenduko dabe.
Arabako eta Euskal Herriko gizarteari Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak egindako ekarpena azpimarratu dau Foru Aldundiak ohar baten. Euskal Herri osoan sortu, ezarri eta finkatu izanari esker, hainbat eta hainbat proiektu sustatu ahal izan ditue 1918tik, lurraldean bertan zein lurraldetik kanpora irismen eta aparteko garrantzia izan dabenak. Euskerea batzeko prozesua Euskaltzaindiak hasi eta burutu ebala gogoratu dau foru erakundeak eta Eusko Ikaskuntzearen aldetik, Lizarrako Estatutua aitatu dau, 1931n Hego Euskal Herri osorako egina.
Orain dala ehun urte Eusko Ikaskuntzaren lehen Biltzarra egin zanean, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek lagundu eta babestu eben, azaltzen da oharrean. Hain zuzen be, Dionisio Aldama, orduan Arabako Foru Aldundiko presidente zana, han izan zan aita Raimundo Olabide Euskaltzaindiko kide oso izentau ebenean eta Ángel Apraiz, Salamancako Unibersidadeko katedratikoa, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusi.
Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiaren arabera, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak jakin dabe bizirik irauten, jakin dabe euren inguruan jatorri geografiko, akademiko eta ideologiko ugaritako emakume eta gizonak batzen. Erakunde biak izan dira funtsezkoak Euskal Herriarentzat, eta Arabako Lurralde Historikoarentzat.
Arabako Dominea San Prudentzio egunekon ekitaldian emongo deutsie Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari, apirilaren 28an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!